Mareak jaialdiak abangoardia eta tradizioa batuko ditu Bermeon, urriaren 5etik 12ra

- BERMEOKO UDALA

Actualizado: jueves, 3 octubre 2019 13:58

Udabier ekimenaren bigarren edizioa ere ospatuko da Bizkaiko udalerrian, ostiraletik igandera

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Mareak jaialdiaren bosgarren edizioa ospatuko da Bermeon (Bizkaia) eta abangoardia eta tradizioa uztartzen dituzten arte diziplina ezberdinetako jarduerak eskainiko ditu urriaren 5etik 12ra bitarte. Beleza Malandra ateneo kulturalak antolatu du jaialdia, Bermeoko Udalaren eta MB2000 elkartearen laguntzarekin.

Horrez gain, Alde Zaharra Bizirik Elkarteak Bermeoko Udalak laguntzarekin antolatzen duen Udabier ekimenaren bigarren edizioa ere ospatuko da Bizkaiko herrian, ostiraletik igandera, urriaren 4tik 6ra.

Ane Ortube Mareak jaialdiaren antolatzaile eta ordezkariak, Patxi Erauzkin Udabier jaialdiaren antolatzaileak eta Kepa Zumeta Bermeoko Udaleko Turismo eta Euskara zinegotziak aurkeztu dituzte bi ekimenak ostegun honetan, Kultur Etxean.

Horrela, Mareak jaialdiak adin eta kultur ezagutza ezberdineko pertsonak elkartu nahi ditu, "munduan zeharreko egitasmo txiki eta ederrez gozatzeko". Bosgarren edizioak udalerriko hainbat eszenatokitan egingo diren hamaika ekitaldi kulturalekin gozatzeko aukera eskainiko die bertaratzen diren pertsona guztiei.

Hasteko, larunbatean, urriaren 5ean, Caustic Roll Dave katalanak eta Mike Mariconda estatubatuarrak osaturiko bikotea izango da Beleza Malandra ateneo kulturalean, 20:00etatik aurrera. Egun berean, baina 22:00etan, Jaitiruriru taldearen ikuskizuna izango da Kurtzioko baselizan.

Igandean, urriaren 6an, 'Bertoko eta Urrutiko Ipuinak' emanaldia izango da Arrantzaleen Museoan, 3 eta 11 urte arteko haurrentzat, 12:00etan. Maitasuna, konfiantza eta biziraupena bezalako gai unibertsalez arituko dira Nerea Ariznabarreta ipuin kontalaria eta Mariano Hurtado musikaria.

Astean zehar ere ekitaldi ugari eskainiko ditu jaialdiak, besteak beste, ezti uraren dastaketa bat (urriak 7), '20.000 Days On Earth' dokumentalaren emanaldia (urriak 8), Urdaibaiko historiaurreari buruzko hitzaldia (urriak 9) eta Beñat Achiary eta Joseba Irazokiren emanaldia (urriak 10).

Jaialdiaren bigarren asteburuari dagokionez, urriaren 11n, Kurtzioko baselizan, Le Breiche musika talde okzitaniarrak kontzertua eskainiko du, 23:00etatik aurrera. Bukatzeko, urriaren 12an hiru saio izango dira Mareak jaialdiaren baitan: Charo Pita eta Manuel Vilas galiziarren helduentzako ipuin kontalari saioa, Frantziskotarren Fraileen Klaustroan (18:30); Ian Masonen kontzertu akustikoa Beleza Malandran; (20:30) eta Lisieux eta White Ring taldeen kontzertua Kafe Antzokian (22:00).

UDABIER

Bestalde, Alde Zaharra Bizirik Elkarteak antolatutako Udabier jaialdiaren bigarren edizioa ostiraletik igandera ospatuko da. Garagardoaren festa bada ere, ez da horretara bakarrik mugatzen, eta janaria eskainiko duten bost kamioi, umeentzako ekintzak eta kontzertu izango dira Goiko plazan (Sabino Arana enparantza), Alde Zaharra girotzeko asmoz.

Horrela, ostiralean, urriaren 4an, Lorelei Green taldeak kontzertua eskainiko du plazako kioskoan, 21:00etan. Biharamunean, hilaren 5ean, 13:00etatik aurrera, umeentzako hainbat jarduera antolatuko dira plazan bertan, eta 19:00etan, Herbalist Faian eta Martak kontzertua eskainiko dute.

Azkenik, igandean, urriaren 6an, umeentzako lantegiak antolatuko dira, eta jaialdia arratsaldeko 18:00etan bukatutzat emango da. Ekintza guztiak doakoak izango dira.