Mercabilbao eta Bilboko Portua Fruit Attraction azokan izango dira datorren astean, Madrilen

Bilboko Portua
BILBOKO PORTU AGINTARITZA - Archivo
Actualizado: sábado, 20 octubre 2018 8:50

BILBO, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Mercabilbao eta Bilboko Portua laugarren aldiz joango dira elkarrekin Madrilgo Ifeman egingo den Fruit Attraction azokara, urriaren 23tik 25era. Nazioarteko fruta eta ortuari ekoizpenaren ordezkaritza zabalena jasotzen duen nekazaritza sektoreko ekitaldi nagusia da. Baterako partaidetzaren bezperatan, bi erakundeek zenbait lan jardunaldi egingo dituzte Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako enpresen 30 arduradunekin, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzaren laguntzarekin.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, bi misio komertzial horien helburua da Mercabilbaok eta Bilboko Portuak Hegoafrikatik eta Hego Amerikatik datorren generoa sartzeko "ate" bihurtzeko egin duten apustua eta frutak eta ortuariak Europara eta Penintsulako gainerako lekuetara bidaltzeko duten gaitasuna balioan jartzea, hau da, "barazkien eta fruten errepideko garraioaren aurreko eta Hego Afrikatik, Hego Amerikatik eta Erdialdeko Amerikatik generoa sartzeko alternatiba".

Mercabilbaoren eta Bilboko Portuaren arteko lankidetza, banaketa zentroak kateari balio erantsia emateko estrategiaren barruan sartzen da, ohikoak ez diren beste jomuga batzuetara heltzeko aukera emanez eta karga mistoak bidaltzeko aukera eskainiz. "Horrelako eragiketak errentagarriak dira baliabide mailan eta ekonomiaren eta denboraren aldetik, Bizkaiko hiriburuaren kokaleku estrategikoari, dauden azpiegiturei, biltegi logistikoei eta garraioen joan-etorriei esker, nekazaritza fruta sektoreko operadoreentzat horrek dakarren abantaila lehiakorrarekin", azaldu du.