Merkataritza, gizarte eta kultur jardueretarako itxiera muga 03:00ak arte luzatu dute EAEn

Neurri berriak
IREKIA
Actualizado: viernes, 17 septiembre 2021 16:15

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritza, gizarte eta kultur jarduera guztietarako itxiera mugako ordutegia 03:00ak arte luzatzea erabaki du ostiral honetan Labiren aholku batzordeak, eta jarduerotan, gehienez ere, %75eko edukiera baimenduko da, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria buru izan duen bileran, Labiren batzorde teknikoaren irizpenaren eta Bizi Berri IV Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak aintzat hartuta, prebentzio neurriak eguneratzeko dekretu berria onartzea erabaki du Labiren aholku batzordeak. Dekretu berria larunbatean sartuko da indarrean, irailaren 18an. Ondoren, Sagarduik agerraldia egin du, eta egungo egoera aztertu eta dekretuan jasotako neurriak zehaztu ditu.

Adierazi duenez, covid-19aren kutsatze berrien beheranzko joera jarraitua da, eta intzidentzia metatu, txertaketa eta asistentzia presioaren datuek Euskadi "egoera desberdin baten aurrean" dagoela baieztatzea ahalbidetzen dute. Ondorioz, trantsizioan eta sendotasunean aurrera egin daiteke. "Egungo baldintzetan, egokia da jarduera sozial normalizatua berreskuratzeko trantsizio etapa kudeatzea", esan du.

Horrela, merkataritza, gizarte eta kultur jarduera guztietarako itxiera mugako ordutegia 03:00ak arte luzatzea erabaki da, eta jarduerotan, gehienez ere, %75eko edukiera ematea lokal eta instalazio guztiei.

Edozein motako gizarte, kultur edo kirol ekitalditarako esparruetan gehienez ere 1.500 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan, eta 1.800 pertsona kanpoan. 3.000tik gora laguneko edukiera duten esparru itxietan, gehieneko edukiera ez da %40tik gorakoa izango, eta esparru irekietan, %60tik gorakoa.

Ostalaritza eta jatetxe establezimenduetan edukieraren %75 ezarri da barnealdeetan, baina barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eutsi zaio. Barnealdeetan zerbitzua zortzi laguneko taldeetan egingo da, eta kanpoaldeetan 12 lagunekoetan. Joko eta apustu establezimenduek eta txoko eta elkarte gastronomikoek ostalaritza sektorerako aurreikusitako baldintzen oso antzekoak bete beharko dituzte.

Bestalde, gazte lokalak eta antzekoak berriro ireki ahal izango dira 16 eta 29 urte bitarteko adin tartean txertaketak jarraibide osoaren %85 gainditzen duen unetik aurrera.

DISKOTEKAK

Halaber, diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak berriz irekitzeko gaikuntza eman da, honako arau hauen arabera: edukiera muga %50 barrualdean, debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta dantza pista maskararekin bakarrik erabili ahal izango da. Gainerako xedapenak ostalaritza sektoreari aplikatzen zaizkionak dira.

Barnealdeetan egiten diren museo, erakusketa areto, jolas zentro eta turismo zentroetara bisitetan taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira orain, eta barne instalazioetako kirol jarduera 16 pertsonako taldeetan egituratu ahal izatea ahalbidetu da.

Bestalde, administrazio publikoek eta enpresek aurrez aurreko jardunera itzultzea erabaki ahal izango dute urrutiko lanari edo telelanari buruzko araudiak arautzen ez dituen lanpostu guztietan. Lan eremu bakoitzaren tipologia eta baldintza bereziak kontuan hartu beharko dira, eta oinarrizko prebentzio neurriak mantendu, hala nola maskara erabiltzea eta aireztatzea, lan osasuneko zerbitzuek adierazitakoaren arabera.

Agerraldia bukatzeko, Sagarduik adierazi du "hobetzen" ari garela, "zalantzarik gabe", baina oinarrizko prebentzio neurriak mantentzea eskatu du (eskuak, maskara, aireztapena eta pilaketarik eza), "normaltasuna" berreskuratzen jarraitzeko.