Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera hobetzeko plana berritu du Barakaldoko Udalak

Actualizado 2017/02/09 14:14:18 CET
- BARAKALDOKO UDALA

BILBO, 9 Feb. (EUROPA PRESS) -

Barakaldoko Udalak "Zabaldu atea euskarari" programa berriz abiaraztea erabaki du, euskararen erabilera hiriko merkataritzara, ostalaritzara eta enpresetara hurbiltzeko. Inguralde garapen agentziaren bitartez, sektoreko profesionalei zuzendutako informazio kanpaina berria garatuko da "euskarari atea itxi ez diezaioten eta bezeroekin euskaraz hitz egiten animatu daitezen, saltoki batera edo ostalaritza establezimendu batera joaten diren herritarren artean gero eta gehiago baitira euskaraz egitea nahiago dutenak", Danel Sola Inguraldeko presidenteak adierazi duenez.

Horrela, datozen egunetan, Inguraldek bezeroei euskarazko arreta eskaintzeko baliagarriak izango diren zenbait baliabideri buruzko informazioa helaraziko die sektoreko profesionalei. Baliabide horien artean, aipagarria da Barakaldoko Udal Euskaltegian neurrira diseinatutako ikastaro bat, bezeroekin elkarrizketa erraza izateko gaitasuna lortu dezaten. Ikastaroa otsailaren 20an hasiko da.

Halaber, enpresek Barakaldoko Udalak argitaratutako gida digitala dute, euskaraz egiten duen bezero bati erantzun ahal izateko oinarrizko ezagutzak biltzen dituena. Gidaren barruan, saltoki batean egon daitezkeen egoera ohikoenetan erantzuteko euskarazko adibideak agertzen dira, hala nola produkturen bat daukaten ala ez, zenbakiak, kartelak edo nola zenbatu.

"Zabaldu atea euskarari" programak, gidaz gain, Barakaldoko Udaleko Euskara Zerbitzua ere jartzen du merkataritzaren eta ostalaritzaren eskura, behar izanez gero, karteletarako testu txikiak, errotuluak eta oharrak euskaratzeko, baita egin nahi dituzten kanpaina zehatzetarako aholkua eskatzeko ere.

"Euskararen erabileran aurrera egin ahal izateko laguntza eskaini nahi diegu, baina bakoitzak bere neurrian. Gauzak horrela, sektoreko profesionalak animatu nahi ditut euren eskura jartzen ditugun baliabideak erabil ditzaten, euskarazko arreta bermatzea zerbitzurako kalitate plusa izan daitekeelako", azaldu du Inguraldeko presidenteak.

Barakaldoko Udaleko Kultura Sailak sustatu eta Inguralderen bidez zabaldutako kanpainak mapa digital bat egitea ere du xede, herritarrek ikusgai izan ditzaten euskarazko arretarako "atea zabaltzen" diharduten hiriko enpresa guztiak.

Kanpainari buruzko informazioa eta sortutako baliabide desberdinak www.barakaldo.org/portal/eu/web/euskara eta http://euskara.barakaldo.eus/ webguneetan eskura daitezke.