Mikel Azpirozek 'Islak' disko berria aurkeztuko du zuzenean Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, urtarrilaren 29an

Mikel Azpiroz.
AYUNTAMIENTO DE BILBAO
Publicado: viernes, 22 enero 2021 17:36

BILBO, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Mikel Azpiroz pianistak 'Islak' izenburuko disko berria aurkezteko kontzertua eskainiko du urtarrilaren 29an Bilboko Bidebarrieta Kultugunean. Karlos Arancegi bateriarekin eta Fernando Neira kontrabaxuarekin izango ditu lagun oholtzan.

Emanaldia Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, eta 19:00etan hasiko da. Sarrerak salgai daude jada, eta bosna euro balio dute. Egungo egoerak eragindako segurtasun neurriak direla eta, aretoko ateak 18:15ean irekiko dira, bertaratutakoek eserlekuetan jartzeko.

Bilboko Udalak gogorarazi duenez, indarrean dauden babes eta garbitasun neurri guztiak derrigor bete beharko dira, eta musukoa une oro jarrita eraman beharko da.

'Gaua' eta 'Zuri' aurreko diskoen ildoan, Azpirozek pianoarekin egin du 'Islak' lan berria. Berak idatzitako bederatzi konposizio bildu ditu, eta 1978. urteko B modeloko Steinway & Sons isats piano batekin interpretatu. Bost abestitan Karlos Arancegi perkusio jotzailea izan du lagun, bateriarekin eta darboukarekin.

Azpirozek Donostian grabatu zuen 'Islak', 2020ko urtarrileko hiru egunetan, Mamusik estudioan. Hain zuzen, pianistak berak sortu zuen Mamusik zigilua 2006an, bakarkako lanak zein Elkano Browning Cream proiektuarekin egiten dituenak argitaratzeko. Diskoa dendetan eta sareko plataformetan dago salgai.

Mikel Azpiroz (Donostia, 1971) sei urterekin hasi zen pianoa jotzen, eta kontserbatorioan egindako musika klasikoko ikasketak jazz eta bluesera bideratu zituen laster.

Ingeniaritza Industrialaren lizentziatura izan arren, beti izan du musikarako grina, eta musikari, konpositore eta ekoizle bezala aritu da, proiektu propioetan (Elkano Browning Cream) zein kolaborazioetan (The Waifs, Duncan Dhu, Travellin' Brothers, Jabier Muguruza edo Elena Setien).