Momix dantza taldeak "Bothanica" ikuskizun berria aurkeztuko du Arriaga Antzokian

Actualizado 2011/03/25 18:39:09 CET
MAX PUCCIARIELLO

BILBO, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Momix dantza konpainia "Bothanica" izenburuko bere ikuskizun berria eramango du Bilboko Arriaga Antzokira martxoaren 29tik apirilaren 3a arte. Guztira zazpi emanaldi izango dira "ikuskizun poetiko eta magiko honentzat", non gizakien eta naturaren arteko harremana erakusten den, dantzaren eta akrobaziaren bidez. Moses Pendleton zuzendari eta koreografoaren sorkuntza-lan berria da "Bothanica", antzoki bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez.

"Bothanica" metamorfosiaren ideian oinarritutako ikuskizun bat da: gorputz bat harri, zuhaitz edo erle nola bilaka daitekeen. Ikuskizun berri honetan, jantziek, musikak eta koreografiak garrantzi handia hartzen dute. Moses Pendleton-ek elementu eszenikoak erabiltzen ditu emozio normalak hedatzen dituzten irudiak sortzeko. Ikusleek txoriak eta haitzak gizaki, lore, intsektu, zuhaitz, trumoi eta abar bilakatzen ikusiko dituzte. Hori guztia Vivaldi eta Peter Gabriel-en abestiekin.

Bere ohiko estilo eta hizkuntza koreografiko eta bisual iradokitzaile eta limurtzailearekin, Pendleton-ek etengabe asaldatuta dauden mundu ezkutuak erakusten ditu oraingoan, eta umore finez egiten du, hala erleen sexualitatea nola isilpeko izakien limurtasuna ikertuz, eta urtaroen joana eta ama naturaren bizi, heriotza eta berpizkundearen zikloa osatzen duten ekintza txiki erraldoiak berrikusiz.

Martxoaren 29an eta 30an (ikuslearen egunak) 20:00etan izango dira emanaldiak, apirilaren 1ean bezala; apirilak 2an bi saio izango dira, 18:00etan eta 22:00etan, eta azkenik, apirilaren 3an, 19:00tan izango da ikusgai "Bothanica". Sarreren prezioak 9,60 eta 38 euro artekoak dira (ikuslearen egunean 7,20 eta 29 euro artean), eta Arriaga Antzokiko leihatiletan, www.teatroarriaga.com webgunean, 944 310 310 telefonoan eta BBK zerbitzu anitzeko kutxazainetan eros daitezke.