Mugak Arkitektura Bienalak ehundik gora jarduera eskainiko ditu EAEn urtea bukatu bitartean

- MUGAK

Actualizado: miércoles, 11 septiembre 2019 11:50

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

Mugak Arkitektura Bienalaren bigarren edizioa urriaren 10ean hasiko da, eta ehundik gora jarduera eskainiko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urtea bukatu bitartean. Donostiako Alde Zaharra izango da Bienalaren gune nagusia, eta erakusketak, hitzaldi zikloak, jardunaldi eta biltzarrak, lantegiak, proiekzioak eta bisita gidatuak antolatuko dira, denak ere arkitektura herritarrengana eramateko asmoz.

Arkitektura Bienalaren programa asteazken honetan aurkeztu dute, Donostiako Santa Teresa komentuan. Egitarauaren helburua ahalik eta "orekatuena, osoena, pluralena eta parte hartzaileena" izatea da, Pedro Astigarraga arkitekto eta Mugak Bienaleko komisarioak azaldu duenez.

Aurten ere, orain bi urte bezala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da Mugak Bienalaren antolatzaile nagusia, eta beste 24 erakunde eta elkarte laguntzaile modura aritu dira.

Horrela, aurtengo edizioan izen eta itzal handiko arkitekto asko izango dira, besteak beste, Alvaro Siza portugaldarra, Rafael Moneo espainiarra, Stephen Bates britainiarra, Lacaton&Vassal frantsesak, Tatiana Bilbao mexikarra eta Barclay eta Crousse perutarrak.

Oso indartsu dabiltzan Espainiako zenbait arkitekto gaztek ere parte hartuko dute, hala nola Emiliano Lopez, Monica Rivera eta Addenda Architects estudioko kideak. Bestalde, Klaus Klemp, Martin Mantele eta Rene Spitz helduko dira Alemaniatik, Bienaleko erakusketa nagusian parte hartzera.

Halaber, unibertsitateak aktiboki parte hartuko du Mugak Arkitektura Bienalean, eta, urriko hirugarren astean, Europako zortzi arkitektura eskolatako 150 ikasle izango dira bienalean.

Mugak urriaren 10ean inauguratuko da modu ofizialean. Aurten, Santa Teresa komentuan dagoen Euskadiko Arkitektura Institutua izango da bienaleko egoitza nagusia, baina beste zenbait tokitan ere jarduera ugari antolatu dira, Donostian, Bilbon zein Gasteizen.