Actualizado 29/11/2021 13:27 CET

Museoetan euskararen presentzia nabarmentzeko 'Ondarea, berbetan' ekimena abiatu du Bizkaiko Aldundiak

'Ondarea, Berbetan' Ekimenaren Aurkezpena
EUSKARAREN ETXEA

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak 'Ondarea, berbetan' izeneko ekimena jarri du martxan, Euskararen Etxearen eta BizkaiKOA foru museoen sarearen bidez, ostiraleko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, museoetan euskararen presentzia nabarmentzeko asmoz.

Ekimenaren arduradunek astelehen honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, batetik, museoen ondarea "euskaraz berbetan" jarri nahi da, museoek euskaraz jarduten dutela agerian jartzeko helburuarekin, eta bestetik, "museoen ondarea haien berbetan islatu" nahi da, euskara euskarri fisikoetara ekarriz.

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen zortzi tokitan egingo da: Euskararen Etxea, Bakioko Txakolingunea, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, Bermeoko Arrantzaleen museoa, Bilboko Arkeologia Museoa, Gernikako Euskal Herria Museoa, Kortezubiko Santimamiñe eta Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoa.

Hain zuzen, "museoen ondarea haien berbetan erakusteko asmoz", zentrootako ondarearen araberako euskarazko alfabeto propioak egin dira, bisitariek museoetako euskararen berri izan dezaten. Horrela, adierazi dutenez, "euskara, euskarri fisikoetara eraman da bisitariek eskuragarri izan dezaten".

Abezedarioak museoek biltzen dituzten obren edo ondarearen berbekin ondu dira, eta totem batzuetan izango dira erakusgai abenduaren 3tik aurrera. Horrekin batera, bisitariek hitz horiekin osatutako hiztegi txiki bat eskuratu ahalko dute, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko ordainekin. Hartara, bisitariek euskararen berri izango dute, eta, era berean, "horren zatitxo bat etxera eraman ahal izango dute".

Halaber, museoek euskaraz jarduten dutela nabarmendu nahi da 'Ondarea, berbetan' ekimenarekin, eta, ildo horretan, hainbat jarduera berezi antolatu dituzte datorren ostiraleko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira egindako ekimenaren baitan, hala nola bisita gidatuak edota ipuin kontalariak.