Natur Zientzien III. Topaketa izango da asteburuan, Gasteizen

Dena prest asteburuko topaketarako
EUSKALNATURA
Actualizado 2018/11/16 17:41:34 CET

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Natur Zientziak sailak eta Euskalnatura taldeak antolatuta, Natur Zientzien III. Topaketa egingo da larunbatean eta igandean, azaroaren 17an eta 18an, "Sinbiosian" izenburupean. Topaketa Gasteizko Europa jauregian izango da, eta ingurumen hezkuntza, lehen sektorearen erronkak eta ehizaren auzia aztertuko dituzte aurten, besteak beste.

Antolatzaileek jakinarazi dute Euskal Herrian naturaren inguruan lanean dauden profesionalen eta naturzale euskaldunen topagunea izateko sortu zutela topaketa duela bost urte, eta jakintza elkarbanatzea eta elkarlana sustatzea duela helburu.

Azaldu dute topaketa Gasteizera mugitzea ez dela kasualitate hutsa izan: "Aldaketarekin, Arabako euskalgintzari aitortu nahi diogu orain arte egindako lana, eta gure txikitasunetik, tresna bat gehiago euren esku jarri".

Halaber, Ingurumen zientzietako gradua, Murgiako basozaintza eskola, Neiker eta lehen sektore indartsua Arabako ezaugarri direnez, Araban ingurumenarekin erlazionatutako pertsonek elkar ezagutzea bultzatu nahi izan dutela nabarmendu du. "Bestela esanda, naturzaleen arteko sareak sortzeko akuilu izan, ekosistema honek ere euskaraz funtziona dezakeela praktikara eramanda", gaineratu dute.

Era berean, topaketa antolatzeko garaian Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak eta Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak emandako laguntza azpimarratu dituzte: "UEUn elkarlanaren filosofia sustatzen dugu, indarrak biltzea gure jakintza, kultura eta hizkuntza indartzea dela sinesten dugulako. Eskerrik asko guztioi egindako lanagatik eta jarrai dezagun sinergiak biltzen".

Contador