Natur Zientzien IV. Topaketa apirilera atzeratu dute

Natur Zientzien IV. Topaketa apirilean
UEU
Actualizado: miércoles, 28 octubre 2020 13:15

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskal Natura taldeak erabaki dute datorren urteko apirilera atzeratzea azaroaren 7an eta 8an Iruñean egin behar zen Natur Zientzien IV. Topaketa, osasun larrialdiaren ondorioz.

Izan ere, antolatzaileen arabera, mugikortasun mugak tarteko, ezinezkoa izango da Euskal Herriko hainbat tokitako naturzaleak Iruñean biltzea. Horregatik, egokiago iruditu zaie ekitaldia atzeratzea edizio birtuala egitea baino, "topaketa, azken finean, naturzaleak saretzeko gunea delako".

"Are gehiago, natur zientzietako esparruko kideekin elkartzeko tokia da, aspaldi ikusi gabeko lagunak zertan dabiltzan jakitekoa, bizipenak partekatzeko foroa, jakinmina asetzeko ilusioa. Horiek guztiak nekez lortuko dira aurrez aurreko ekitaldirik gabe", azaldu dute.

Beraz, azaroko topaketa udaberrian izango da, apirilean. Dagoeneko topaketarako izena emandakoei tokia gordeko zaie, eta ez dute berriz izena eman beharko. Hala ere, poster deialdia eta izen-ematea berriz irekiko dira topaketaren udaberriko datak hurbildu ahala.

Bien bitartean, antolatzaileek laugarren edizioko gai nagusia "bizkar zorroan hartu eta Euskal Herriko bazterrak miatzera" gonbidatu dituzte naturzaleak.