La Navaleko akziodun izateko eskatu diote Socaderi Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek

Actualizado 2011/02/03 18:07:32 CET

BILBO, 3 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiak elkartzen dituen Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseilua atzo bildu zen, Bernabe Unda Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua presidente zela, eta, besteak beste, Socade Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari La Navaleko akziodun izateko eskatzea adostu zuten.

Bilera (gai-zerrendan Inbertsio Estrategikoen Bulegoaren bilera ere azaltzen zen) "balantze positiboarekin" amaitu zen eta proposamen guztiak aho batez onartu zituzten bertaratu guztiek, Eusko Jaurlaritzako iturriek prentsa ohar batean gaur adierazi dutenez.

Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseiluak bileran hartutako erabaki nabarmenena Socaderi La Navaleko akziodun izatea eskatzea izan zen. Proposamen hori otsaileko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan aurkeztuko da berretsi dezaten. Kapital publikoa ontzigintza-enpresan sartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) agintarien onespena beharko da, eta, horrez gain, CNN sozietatearen egungo akziodunek operazioa onartu beharko dute.

Proposamenean, Socadek La Navaleko akziodun gisa izango duen partaidetza "aldi baterakoa eta oso ehuneko txikian" izatea jasotzen da. Erakundeen ustez, inbertsio hori "estrategikoa" da EAEko ontzigintzaren sektorean, eta, hortaz, operazioa gauzatzeko gehienez ere bost milioi euroko ekarpena egitearen alde daude.