Actualizado 21/07/2021 16:42 CET

Nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasten duten 22 irakurle izan dira Irakurleen IV. Topaketan

Irakurleen IV. Topaketa.
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Etxepare Euskal Institutuaren bitartez 19 herrialdetako 36 unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurle sareko 22 lagun elkartu dira asteazken honetan Donostiako Tabakaleran egin den Irakurleen VI. Topaketan, urtearen balorazioa egin eta etorkizunerako erronkei buruz hausnartzeko.

Irakurleez gain, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Garbiñe Iztueta Etxepareko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria eta Lorea Hernández irakurletza sareko teknikaria ere izan dira bertan.

Urteroko bilera honetan, aurreko edizioetan bezala, hitzaldi eta talde dinamikaz osatutako egitaraua izan dute parte hartzaileek. Hasteko, Zupiriak eta Larrazak agurra egin diete irakurle guztiei, "urte zail honetan burututako lan paregabea" eskertuz.

Pasa den ikasturteko bizipenak elkarbanatu ondoren, Garbiñe Iztuetak hartu du hitza, aurtengo ikasturtearen laburpena egin eta datorreneko lan ildo nagusien berri emateko. Nabarmendu du, besteak beste, bost irakurle berri hasiko direla datorren ikasturtean irakurletzetan lanean eta hitzarmen berrietan ari direla lanean AEBetako eta Galesko unibertsitate banarekin.

Bikaintasuna Euskal Ikasketetan udako ikastaroaren ebaluazioa ere egin
dute parte hartzaileek, oro har positiboa izan dena, eta Euskara Munduan programaren inguruan hausnartu dute gero.

Ondoren, Lorea Hernández teknikariak irakurleen arteko talde dinamika gidatu du, esperientziak partekatu eta hurrengo urteko erronkei buruz eztabaida zezaten irakurleek. Hitza hartzen azkenak irakurleak beraiek izan dira, eta galderak, proposamenak eta iruzkinak egiteko aukera izan dute. Bazkalondoan, AIKO dantza taldearen lantegia izan dute Sabin Bikandiren eskutik, eguneko egitaraua itxiz.

Contador