Nerabeen artean berdintasun balioak sustatzeko programa berria abiatu du BBK-k

BBK Bardin programaren aurkezpena.
BBK

Actualizado: lunes, 21 octubre 2019 12:57

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Nerabeek generoen arteko berdintasun eta begirune balioak lantzeko BBK Bardin izeneko hezkuntza programa jarri du martxan BBK-k. Prestakuntza ekimena egun batekoa izango da, BBK Urdaibai Zentroan (Busturia), eta eduki didaktikoak emango ditu Bizkai osoko ikastetxeetako 12 eta 16 urte arteko nerabeek beren "afektibitate eta sexu bizitza jarrera ireki, orekatu, begirunetsu eta berdintasunezkoen
arabera eraiki dezaten".

Programaren arduradunek Bilbon egindako agerraldian azaldu dutenez, indarkeria matxistaren aurkako borroka bistatik galdu gabe, programaren edukiak era positiboan landuko ditu afektibitatea eta sexualitatea, betiere nerabezaroaren bi eboluzio alditara egokituta: 12-14 urtekoentzako eta 14-16 urtekoetzako.

Lehen taldearentzat genero estereotipo eta rolekin lotura duten gaiak landuko dira. Harreman afektibo osasuntsu eta orekatuak lortzeko gakoak identifikatuko ditu ikastaroak, eta norberaren nortasuna eraikitze lagunduko du samurtasunaren premisapean harreman modu legez.

Bigarren taldearentzat, aldiz, BBK Bardin programak berdintasunezko maskulinotasunetan eta feminitate ahaldunduetan jarriko du arreta, eta zelan bizi behar dituzten nerabeek sexuen arteko harremanak era samur, enpatiko eta begirunetsuagoan. "Fase honetan, talde presioak desaktibatzeko ahalegina egingo da, eta afektibitatea eta sexualitatea mosaiko handi bat legez landuko dira, hor pertsona bakoitzak bere piezak aurkitu behar dituelarik, bai eta afektibitate eta sexu esperientziaren gozamena kolokan jar dezaketen arriskuak ere", azaldu dute.

SEI ORDU

BBK Bardin sei orduko prestakuntza programa da. Bi saiotan banatuko da, bat goizean eta bestea arratsaldean, eta Busturian dagoen BBK Urdaibai Zentroko instalazioetan emango da. Goizeko saioan zenbait talde dinamika erabiliko dira (ideia jasa, eztabaida askea, eztabaida zuzendua, role playing eta abar), eta parte hartzea eta interaktibitatea bermatuko dituzte norberaren hausnarketa eta elkarrizketa eraikitzailea bultzatzeko.

Jardunaldia bazkaldu ostean amaituko da, "parte hartzeko laborategiarekin", eta bertan edukiak finkatuko dira hainbat euskarriren erabilera sortzailearen bidez (bideo, marrazketa, idazketa edo antzerkia).

Ikastaroak bederatzi euro balio du ikasle bakoitzeko, eta prezioan sarturik daude hezkuntza programa bera eta bazkaria. Ikastetxeek astelehen honetatik abenduaren 13ra arte egin ditzakete izen-emateak https://www.bbk.eus/hezkuntza/hezkuntza-programak/ estekan.