Actualizado 11/10/2021 12:25 CET

Nikaraguako Artikulazio Feminista eta Madres de Abril elkartea, 2021eko Ignacio Ellacuria saria

Archivo - Anna Ferrerrek jaso zuen iaz Ignacio Ellacuría saria
IREKIA - Archivo

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Nikaraguako Artikulazio Feministari eta Madres de Abril (AMA) elkarteari eman die garapenerako lankidetzako 2021eko Ignacio Ellacuria saria Eusko Jaurlaritzak, eLankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez. Elkarteok emakumeen eskubideen alde eta bakegintzan dihardute Erdialdeko Amerikako herrialdean, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak emango die saria urriaren 26an, Lehendakaritzan egingo den ekitaldian.

Sariaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, Nikaraguako emakumeen mugimenduak beti salatu ditu herrialdean emakumeek bizi dituzten desberdintasun baldintzak eta bidegabekeriak, eta lehen lerroan daude egungo egoera zailean. 2018ko apirileko Nikaraguan izandako protesten ostean, errepresio uholdeak eragin berezia izan du erakunde feministengan eta giza eskubideen aldeko emakumeengan.

Horregatik guztiagatik, Ignacio Ellacuria sariaren epaimahaiak aitortu nahi izan du "emakumeen eta Nikaraguako herriaren eskubideen eta justiziaren aldeko borrokan egindako lana, jarduera horrekin euskal zein nazioarteko gizartea sentsibilizatzen lagundu dutelako".

Bada, Nikaraguako Artikulazio Feministak 2018ko apirileko matxinada zibikoan emakumeen parte hartzearen funtsezko sustatzailea izateagatik, eta Madres de Abril elkarteak egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatzen dituen ahots nagusia izateagatik jasoko dute saria.

Nikaraguako Artikulazio Feminista 2004an sortutako plataforma bat da, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko ekintzak egiteko. 19 lurralde kolektibok eta bost sare nazionalek osatzen dute erakundea. 2018tik, protestetako buru izan da eta gobernuaen errepresioaren biktimei babes humanitarioa ematen aritu da. Egun, artikulazioa osatzen duten mugimendu gehienek zailtasunak dituzte eragin feministako lana egiteko.

Madres de Abril elkartea 2018ko irailaren 30ean jaio zen, eta urte bereko herri protestetan eraildako gazteen 100 familia biltzen ditu. Egia, justizia eta memoriaren eraikuntza bilatu eta eskatzea du helburu. Senideen hilketak dokumentatzen dituzte, haien egoera ikusarazteko ahal dituzten espazio guztietan intzidentzia egiten dute, eta inpunitatearen aurkako 'Ama y No Olvida' memoriarako museo birtuala eraikitzen dute, Nikaraguako estatu indarkeriaren biktimei buruzko informazioa biltzen duena.

EGITARAU BEREZIA

Bestalde, sari emate ekitaldia aprobetxatuz, egitarau berezia prestatu da urriaren 27tik 29ra. Egun horietan, saritutako elkarteen ordezkariek parte hatuko dute hizketaldi feminista batean, euskal GGKEekin topaketa batean eta Nikaraguako egungo testuinguruari buruzko mahai ingurua batean.

Gainera, Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren barruan, 'Nicaragua, patria libre para vivir' dokumentala ikusi ahal izango da bere zuzendariarekin batera Euskadiko hiru hiriburuetan.

Eusko Jaurlaritzak ematen du Ignacio Ellacuria saria, eLankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez. Helburua da publikoki aitortzea herrien artean berdintasuna eta justizia sustatzen, pobrezia gainditzen eta ekarpen hori hedatzen laguntzen duten pertsonak, antolakundeak, taldeak edota ekimenak. Era berean, ekimen hori ezagutaraztea eta gizartea sentsibilizatzea bilatzen da.

Contador