Nontzeberrik webgune berria izango du martxoaren 16tik aurrera

Actualizado 2011/03/10 18:33:57 CET

BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Nontzeberri atari kulturalak webgune berria jarriko du martxan datorren martxoaren 16an, eta beste estilo eta jantzi batekin ageriko da. Ataria "modu dinamikoagoan, ikusgarriagoan, erabilerrazagoan jartzeko ahalegin itzela" egin dute bere arduradunek.

Euskara eta kultura dira lan egiteko esparru zuzena Nontzeberrirentzat, eta biak loturik agertzen dira bere eguneroko jardueran. Nontzeberrik dituen helburuak euskaldunei kulturaz gozatzeko bideak, erremintak eta tresna egokiak luzatzea, interaktibitate garatzeko topalekuak sortzea eta ideiak plazaratzeko toki bihurtzea dira.

Halaber, euskaldunaren eta euskararen arteko harremana informazioaren bidez lotu, estutu eta sendotu eta, diseinu erakargarri baten bitartez, kulturari dagozkion arloak era dinamikoan, aktiboan eta kreatzailean bideratzea eta ematea bilatzen du.

Duela hiru urte, 2007an, Nontzeberrik webgunea zeharo zaharberritzeari ekin zion. Harrezkeroztik ez da geldirik egon, "eta prozesu luze, sakon eta nekeza izan bada ere, ardatz berriak egituratu ditugu Nontzeberrirako".

"Urte berriarekin bat eginez, martxoan, Nontzeberrik aurpegia garbituko du eta beste estilo eta jantzi batekin ageriko zaigu. Modu dinamikoagoan, ikusgarriagoan, erabilerrazagoan jartzeko ahalegin itzela egin dugu, eta hori guztia internautarekin eta nontzeberrizalearekin konpartituko dugu datozen hilabetetan", adierazi dute bere arduradunek.