"Obabakoak" euskaraz taularatuko dute Stuttgarteko Antzoki Nazionalean, larunbatean

"Obabakoak".
"Obabakoak".ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: lunes, 24 junio 2019 13:17

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistiko eta antzerkigileak egindako "Obabakoak" Bernardo Atxagaren eleberriaren antzerkirako moldaketak Alemaniara egingo du salto, eta antzezlanaren euskarazko emanaldi bat izango da datorren larunbatean, ekainaren 29an, Stuttgarteko Antzoki Nazionaleko Schauspiel Stuttgart espazioan.

Arriaga antzokiko iturriek jakinarazi dutenez, emanaldia 19:30ean hasiko da eta alemanezko azpitituluak izango ditu, ikus-entzuleek ikuskizunaren nondik norakoa zailtasunik gabe jarrai dezaten. Gainera, emanaldiaren aurretik, 18:00etan, Calixto Bieitok eta Bernardo Atxagak "Obabakoak" lanari buruzko solasaldia eskainiko dute; bertan, iritziak trukatu eta jatorrizko eleberriarekin eta antzerkirako egokitzapenarekin erlazionatutako hainbat alderditan sakonduko dute.

"Obabakoak" izan zen 2017-2018 denboraldiko Arriaga antzokiaren ekoizpen lan nagusia. Calixto Bieitok eleberria muntaketa eszenikora moldatu du eta antzezlana zuzentzen du. Estreinaldia Arriaga antzokian bertan egin zen, euskaraz 2017ko urrian eta gaztelaniaz 2017ko azaroan.

Obrak 11 euskal antzezle bilduko ditu: Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastorza, Lander Otaola, Idoia Merodio, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga. Jatorrizko antzezle taldean Gurutze Beitia zegoen, baina agenda arazoak bitarte ezingo du Stuttgarten bere rola bete eta bere ordez Idoia Merodio antzezleak egingo du.