Olatz Salvador eta Agus Barandiaran ostegunean Musikarien arteko Topaketetan, Donostian

Olatz Salvador eta Agus Barandiaran izango dira saioan
MUSIKA BULEGOA
Actualizado: martes, 11 diciembre 2018 14:00

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

Musikari Euskal Herriko Musikarien Elkarteak eta Musika Bulegoak Musikarien arteko Topaketen beste saio bat antolatuko dute ostegunean, abenduaren 13an, Donostiako Musika eta Dantza Eskolan. Olatz Salvador eta Agus Barandiaran elkartuko dira, musikaren munduan izan dituzten esperientzien berri emateko, arratsaldeko 19:00etan.

Antolaluntzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Olatz Salvador artista donostiarrak eta Agus Barandiaran trikitilari bizkaitarrak musika ibilbide luze eta ezberdinak dituzte, eta musikariaren ibilbide profesionala baldintzatzen duten alderdi nagusiak izango dituzte eztabaidagai osteguneko solasaldian.

Horrela, bertaratutakoek zuzenean jakingo dute bi musikariok nola hasi ziren musikaren munduan, zer aldaketa ikusi dituzten musika arloan eta zertan eragin dieten aldaketa horiek lanean. Gainera, autokudeaketa eta nazioarteko bihurtzeko prozesuek musikaren hedapenean egin dezaketen ekarpena ere izango dute aztergai. Horrek guztiak, hain zuzen, euskal musika eszenaren eta profesionalen egungo ahulguneak eta indarguneak bistaratzea du helburu.