Organo emaileen tasa milioi bat biztanleko 64,4 lagunekoa da Euskadin

Osakidetzako profesionalak
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado 2019/01/14 12:30:49 CET

   BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Organo emaileen tasa milioi bat biztanleko 64,4 pertsonakoa izan da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2018. urtean, Espainiako batez bestekoa baino 16 puntu altuagoa (milioi bat biztanleko 48 emaile), Osakidetzak astelehen honetan jakinarazi dituen datuen arabera.

   Tasaren testuingurua ebolutiboa dela esan du Osakidetza. Horrela, Euskadiren kasuan, urtean donazioen batez besteko tasa, 2000. urtetik, milioi bat biztanleko 40 emaile baino gehiagokoa da, eta, azken bosturtekoan, milioi bat biztanleko 50 emaile baino gehiago dira -Transplanteen Esdpainiako Erakunde Nazionalak 2050erako ezarritako helburua-. "Horrela, Euskadi abangoardian dago mundu mailan", nabarmendu du.

   Azken bost urteetan asistoliako donazio programak hasi eta sustatu direla gogoratu du Osakidetza. Horrela, 2018rako, guztizkoaren %42 izan ziren, Estatuko batez bestekoaren gainetik (%26) eta donazio mota horretan aktiboenak diren herrialdeen gainetik, besteak beste, Belgikaren (%29,5) edo Erresuma Batuaren (%39,8) gainetik.

   Emaileen heriotza kausak direla eta, %59,5 istripu zerebrobaskularraren ondorio da, eta %11,3 garezur eta garuneko traumatismoaren ondorio (%1,4 trafiko istripuagatik).

   Halaber, Osakidetzak nabarmendu duen beste alderdi bat da gero eta familia gehiagok dutela erantzun positiboa donazioaren inguruan. Horrela, 1980ko hamarkadan, elkarrizketatutako hamar familiatik zazpi donazioaren alde zegoen eta, azken hamarkadan, ratio hori handitu egin da eta hamar familiatik bederatzi alde daude.

   Azken hamar urteetan, guztira 2.522 organo transplante egin zaizkie euskal pazienteei (1.543 giltzurrunetakoak, 704 gibelekoak, 145 kardiakoak eta 130 biriketakoak), "eta emaitzak Europan esperientzia gehien duten zentroetako emaitzen antzekoak edo hobeak izan dira". Azken hamarkadan, urtean milioi bat biztanleko transplantea izan duten 110 euskal paziente baino gehiagokoa da tasa.

EHUN ETA ZELULAK

   Ehunen eta zelulen transplantea eta donazioa direla eta, 2018an ehunen 166 donazio egin ziren. Ehuna, izan kornea, ehun osteotendinosoa edota azala, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora bidaltzen da, prozesatu, babestu eta transplanterako banatzeko.

   Era berean, 68 transplante alogeniko egin ziren joan den urtean Euskadiko Erreferentzia Zentroan (24 ahaidetuak eta 44 ez ahaidetuak), eta horrela, Euskadik inguruko Europako herrialdeen antzeko tasak ditu.

   "Datuak ikusita, argi dago euskal gizarteari, oro har, eskerrak eman behar zaizkiola. Izan ere, une benetan zailetan, gizartearen eskuzabaltasuna eta konpromisoa beharrezkoa dira hori guztia posible izateko, batik bat emaileen familiena", adierazi du Jon Darpón Osasun sailburuak.

   Gainera, eskerrak eman dizkie donazio eta transplante programetan parte hartzen duten Euskadiko zentro baimenduetako profesional guztiei, bai eta eginkizun erabakitzailea duten erakundeei ere, besteak beste, epaileei, auzitegi medikuei, epaitegietako langile laguntzaileei edota aireportu eta SOS-Deiak zerbitzuko langileei eta Ertzaintzari. "Eta, jakina, gaixoen elkarteei, sentsibilizazioaren eremuan egiten duten lanagatik, funtsezkoa delako euskal gizartearen elkartasun maila altua eta etengabea ulertzeko", gaineratu du.

Contador