Orion geldiarazi eta alkohol tasa zortzikoiztu duen kamioi gidari bat ikertuko dute

Actualizado 2017/01/03 14:41:59 CET

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitateko agenteek kamioi bat geldiarazi zuten astelehenean AP-8 autobidean, Orio parean, eta gidaria alkoholdun edarien eraginpean ari zen zirkulatzen, alkoholemia kontrolean gehienezko alkohol tasa zortzikozitu egin baitzuen. Ertzaintzak bide segurtasunaren kontrako delitua leporatu dio 43 urteko gidariari, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Astelehen arratsaldeko 18:00ak aldera, AP-8 autobideko erabiltzaile batek Ertzaintzari jakinarazi zion trailer bat modu desegokian zirkulatzen ari zela Irunerako noranzkoan. Itxuraz, kamioia bazterbidean sartu eta zirkulazio erreietara itzultzen zen, gainerako gidarientzat egoera arriskutsuak sortuz.

Handik gutxira, autobide berean Orio parean beste gorabehera bat artatzen ari ziren Gipuzkoako Trafiko Unitateko agenteek ibilgailu astun hori geldiarazi eta gidaria identifikatu zuten. Ertzainak konturatu ziren alkoholdun edarien eraginpean egotearen zantzuak zituela, eta bidezko bi probak egin zizkioten, 1,24 mg/l-ko eta 1,32 mg/l-ko emaitzak emanez. Botatako aire litro bakoitzeko 0,15 miligramo alkohol da ibilgailu mota horretarako baimentzen den gehienezko tasa.

Trailer berean beste gidari bat ere bidaiatzen ari zen, baina horrek ere alkohol tasa positiboa eman zuenez, agenteek ibilgailu artikulatua ibilgetu zuten, eta garabi enpresa bateko gidari batek atera behar izan zuen bertatik.