Osalanen lan ildoez aritu dira Jaurlaritza eta Europako Laneko eta Segurtasun eta Osasun Agentzia

Actualizado 2017/02/01 14:23:02 CET
Bileraren parte hartzaileak
EUSKO JAURLARITZA

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak eta Christa Sedlatschek Europako Laneko Segurtasun eta Osasun Agentziako zuzendariak bilera izan dute asteazken honetan agentzia europarrak Bilbon duen egoitzan. Bertan, Osalan erakundea eta europar agentzia bera laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan aurrera eramaten ari diren lan ildoak eta azken urteetako kolaborazio lanak izan dituzte mintzagai.

Eusko Jaurlaritzak Europako Laneko eta Segurtasun eta Osasun Agentziaren egoitza gastuen finantziazioan kolaboratzen du, "tankera honetako erakundea Euskadin kokatzeak interes publikoari egiten dion ekarpena aintzat hartuta".

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, europar agentziak erreferentzia zentro bat dauka Europako Batasuneko estatu kide guztietan, eta horien ekarpena "funtsezkoa da Europar Batasuneko lan programak ezarteko garaian". Espainiako Estatuaren kasuan erreferentzia zentroa Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionala bada ere, europar agentzia 2014an Bilbon kokatu zenetik, Osalanek eta agentziak jarduerak egiten dituzte elkarlanean, hala nola euskal enpresetara bisita instituzionalak, atzerriko ordezkaritzekin bilerak, europar agentziak antolatutako ekitaldietan parte hartzea edo jardunaldietan kolaboratzea.

Sailburuaz gain, bileran izan dira Lan sailburuordea, Lan zuzendaria, Gizarte Ekonomiako zuzendaria eta Osalaneko zuzendari nagusia. Bileran zehar, San Josek europar agentziarekiko kolaborazio harremana mantendu eta sakontzeko jarrera osoa azaldu du, bere aukera eta konpetentzien barruan. Legealdi honetarako Lan eta Justizia Sailaren oinarri nagusia, laneko arriskuen prebentzioarekiko konpromisoa dela adierazi du.