Osasun Sailak 2,8 milioi euro banatuko ditu aurten adikzioen inguruko zenbait jarduketa garatzeko laguntzetan

Publicado: martes, 5 julio 2022 18:20

GASTEIZ, 5 Jul. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2.854.400 euro bideratuko ditu aurten Euskadin lan egiten duten toki erakunde eta irabazi asmorik gabeko erakundeentzako laguntzetara, prebentzio komunitarioko programak garatzeko, prebentzio proiektuak egiteko eta adikzioen arloan arrisku eta kalteak murrizteko eta jarrera osasungarriak sustatzeko, Gobernu Kontseiluak astearte honetan onetsi duen aginduaren arabera. Era berean, laguntzak toki erakundeetako adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoak mantentzera bideratuko dira.

Toki eremuan eta osasun arloaz bestelakoetatik egiten diren jarduketetan osasuna sustatzeko ematen ditu laguntza horiek Osasun Sailak. Helburua da Euskadiko Adikzioen VII. Planeko jarduketa ardatzetan hoberen finkatzen diren programak eta proiektuak mantentzea, behar berriak identifikatzea eta horiei erantzuna emango dieten proiektu berriak bultzatzea, bai eta ekimenak hobetzen laguntzea ere.

Jaurlaritzaren arabera, laguntza ekonomiko horiek ildo nagusietako bat dira Euskadin adikzioen arloan garatzen den lanean. "Lan horretan, funtsezkoak dira erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza eta hirugarren sektorearekiko eta kolektiboekiko elkarlana", ziurtatu du.

Hala, Jaurlaritzak eta Osasun Sailak eutsi egiten diote adikzioen fenomenoari heltzeko eta erantzuteko konpromisoari, eremu komunitariotik, Euskadiko Adikzioen VII. Planarekin bat etorriz.

Zehazki, laguntza ekonomikoa honela banatuko da: adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoak sortu eta mantentzeko 1.174.135 euro; toki planei eta jardun eremu horretako jokabide osasungarriak sustatzeko planei atxikitako adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko 561.765 euro; jarduketa eremuan arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta jokaera osasungarriak sustatzeko proiektuak egiteko 118.500 euro; 236.000 euro jokorako adikzioa eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk prebenitzea eta tratatzea helburu duten proiektuetarako.