Osasun zientzietako ikertzaile euskaldunak elkartuko ditu UEUk maiatzaren 30ean

Actualizado 2014/05/08 13:26:44 CET

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako Osasun Zientzietako Ikertzaileen II. Topaketa maiatzaren 30ean egingo da, Eibarren (Gipuzkoa), Markeskoa jauregian. Bilkuraren helburua osasun zientzietako ikertzaile euskaldunen lerro zientifikoak aurkeztu, ikerlari horien arteko harremanak sendotu eta euskarazko ikerketa eta produkzioa bultzatzea da. Izena emateko epea maiatzaren 28an amaituko da, www.ueu.org atarian.

   Jardunaldia aurkezteko prentsaurrekoa izan da gaur, UEUren Bilboko egoitzan, eta han izan dira Angel Bidaurrazaga UEUko zuzendaritzako kide eta EHUko Medikuntza Fakultateko irakaslea eta Nora Fernandez topaketetako batzorde antolatzaileko kide eta ikerlaria.

   Bidaurrazagak gogorarazi du informatikariek, historialariek eta pedagogia adituek egin bezala, 2010. urtean, bizi zientzietan ikertzen zuten euskaldun asko batu zirela ikerketa taldeen ikerketa lerroak aurkezteko. Topaketa horien helburu nagusiak izan ziren ikerkuntza euskaraz egiten zela azalaraztea eta ikerlari euskaldunak elkar ezagutzea. Guztira, 160 lan sinatzaile, 35 zentro edo sailetako 69 parte hartzaile eta 28 ahozko aurkezpen egin ziren.

   Lehenengo topaketa haietan, maiztasun batekin topaketak errepikatzeko aukera proposatu zen, ikertzaile euskaldunen arteko harremanak sendotzeko eta ikerketa lerroen jarraipena egiteko helburuekin.

   "Horregatik, aurten, Osasun Zientzietako Ikertzaileen II. Topaketak egingo ditugu. Bertan, osasunaren arloan ikerketa lerroak nondik nora dauden aztertu nahi ditugu alor ezberdinetan: genetika, neurozientziak, farmakologian eta abar, hau da, Euskal Herrian osasunaren arloan dauden ikerketako ildo garrantzitsuen egoera jakin nahi dugu, orain dela lau urte I. Topaketetan egin genuen moduan. Era berean, osasun zientzietan diharduten ikerlari euskaldunen sarea sortzea dugu helburu", azaldu du.

   Ondoren, Fernandezek jardunaldiei buruzko xehetasunak azaldu dituzte. Horrela, ikerlari euskaldunak egiten ari diren lan zientifikoen aurkezpen gune bat antolatu nahi izan dutela adierazi du, zientzialariei aurkezpen laburrak egiteko aukera emanez.

   "Gaur egun osasun zientzien inguruko arlo ezberdinetako ikerketa lerroak bildu nahi ditugu eta ikerlari euskaldunen gaietako diagnostikoa egin. Era berean, ikerlari euskaldunen arteko harremanak sendotzeko aukera izango da eta goi mailako zientzia garatzeko beste aukera bat", esan du.

EGITARAUA ETA METODOLOGIA

   Topaketa Eibarko Markeskoa jauregian egingo da,maiatzaren 30ean, eta goizeko 09:00etan hasiko da, harrerarekin. Ordu laurden geroago, 09:15ean, Jon Zarate EHUko irakasle eta 'Ekaia' aldizkariko zuzendariak hizlari gonbidatu gisa parte hartuko du. Ondoren, goizean zehar, eta arratsaldeko 18:00ak arte, parte hartzaileek hiru bloke edo ahozko komunikazio aurkeztuko dituzte eta poster sesio bat egingo dute.

   Jardunaldian, ikertzaileen arteko harremanak bultzatzea bilatuko da, eta horretarako, garrantzi berezia emango zaio metodologiari. Horrela, ahozko aurkezpenetan, hizlari eta entzuleen arteko elkarrizketa posible izango da. Poster sesioa kafea hartzeko etenarekin batera egingo da, harremanak errazteko, eta bazkaria espazio bakarrean eta zutik egingo da, harremanak bultzatzeko. Bukaeran, parte hartzaileek galdetegi bat erantzun beharko dute, topaketen alde positiboak eta negatiboak azalarazteko.

   Osasun zientzien arloko ikertzaile orori, laborategietako barne ikasle, doktoregai edo teknikariei, eta ikertzaile profesionalei eta unibertsitateko irakasleei zuzenduta dago topaketa. Matrikularen prezioa 30 euro da, baina ikasle, langabe eta erretiratuentzat 10 euro eta UEUko bazkideentzat 20 euro. Izena emateko epea maiatzaren 28an amaituko da, eta www.ueu.org web orrian egin daiteke.