Osasuna, lanpostuak eta lan baldintzak "arriskuan jartzen ari direlako" protesta egin dute langileek

Protesta ekintza Gurutzetako ospitalean
EUROPA PRESS
Actualizado: viernes, 27 marzo 2020 13:18

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituta, "milaka lagunek euren haserrea erakutsi dute" etxeetan eta lan zentroetan, osasuna, enplegua eta lan baldintzak "arriskuan jartzen ari direlako" Covid-19 koronabirusak eragindako egungo egoeran, sindikatuok jakinarazi dutenez.

Deitzaileek beharrezko ikusten dute "osasuna, enplegua eta lan baldintzak lehen lerroan jartzea", eta Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Confebask eta CEN patronalei eskatu diete oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak eta eraginkorrak diren neurri prebentiboak ezartzea, oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera uztea, eta enplegua eta lan baldintzak bermatzea.

Mobilizazioei dagokienez, sindikatuek nabarmendu dute lan zentroetan hainbat sektoretan izan duela oihartzuna deialdiak. Horrela, osasungintzako langileak garbitzaileekin batera mobilizatu dira Gurutzetako ospitalean, eta egoitzetako langileek, anbulantzietakoek edo supermerkatuetakoek ere "euren haserrea erakutsi dute".

Industriako langileak ere mobilizatu dira, besteak beste, Basauriko Sidenor konpainiakoak, eta etxeetan konfinatutako langileek ere bat egin dute deialdiarekin, eguerdiko 12:00etan egin den balkoietako burrunbaren bidez.

Sindikatuek adierazi dute langileak "haserre" daudela "gure osasuna arriskuan jartzen ari direlako". Horrela, oinarrizko zerbitzuetan diharduten langileak, hala nola osasungintza, zahar egoitza, etxez etxeko laguntza, garbiketa, garraio publiko, anbulantzia eta supermerkatuetakoak, "beren osasuna bermatzeko neurri prebentiborik gabe" ari direla salatu dute.

"Oinarrizko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak, berriz, lanera joatera behartuta daude, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak beraien osasunaren gainetik jarri dituztelako. Langile horien osasuna ere ez dago bermatuta", ohartarazi dute.

LANPOSTUAK ETA LAN BALDINTZAK

Halaber, sindikatuek ziurtatu dute lanpostuak ere "arriskuan jartzen" ari direla. Haien iritziz, "aurreko krisi ekonomikoa langileoi ordainarazi ziguten, eta orain patronalek eta gobernuek osasun krisia ere
langileok ordain dezagun nahi dute". Ildo horretan, salatu dute behin behineko kontratuak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen hasi direla eta enplegua aldi baterako erregulatzeko "milaka" espediente tramitatu dituztela "inongo negoziaziorik gabe".

Azkenik, lan baldintzak ere "arriskuan" daudela nabarmendu dute: "Aurreko krisia garesti ordaindu genuen, gure bizi baldintzak eta lan baldintzak erabat kaskartu baitziren eta baitira, gaurdaino etenik izan ez duen prekarizazioarekin. Orain errezeta bera aplikatu nahi digute; negoziaziorik gabeko ERTEak, patronalaren neurrira eginiko erabakiak, lan
baldintzen okertzea".