Osasunsarea sortu dute Portugaleten, bizi proiektu osasuntsuak sustatzeko

Actualizado 2017/05/19 12:39:24 CET
Portugaleteko Osasunsarea aurkeztu dute
OSAKIDETZA

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Osasunsarea tokiko osasun sarea jarri dute martxan Portugaleten Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Osasun Erakunde Integratuko Portugaleteko Lehen Mailako Arretako unitateek (Buenavista, Castaños eta Errepelega), Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzak eta Portugaleteko Udalak. Helburua da guztien artean osasuna sustatzeko marko bateratu bat eratzea, politiken eta jardueren arteko sinergiak sortuz, partaidetza sustatuz eta portugaletetarren boteretzea ahalbidetuz.

Sarea ostiral honetan aurkeztu da, Portugaleteko udaletxean egindako ekitaldi batean. Bertan, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Osasun Erakunde Integratuko Integrazio zuzendari Juanmi Campayok, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzako ordezkari Joseba Bidaurrazagak, Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta Maria Jose Blanco Gizarte Ongizateko zinegotzia izan dira.

Osasunsareak komunitateko eragile aktibo guztien parte hartzea bultzatu nahi du ekimenaren sustatzaile gisa arituko den lantalde bat sortzeko. Taldea bi hilabetean behin bilduko litzateke, ohitura osasuntsuen bitartez herritarren bizi kalitatea hobetuko duten jarduera programak planifikatu eta martxan jartzeko. Abian jarritako egitasmoek izandako emaitzak ere aztertuko ditu sareak.

AURREKO LANA

Joan den urtean abian jarritako aldez aurreko lan bat ere badu jada Osasunsareak. Bertan, Portugaleteko herritarren bizi-kalitatea hobetzeko lehentasunezko zortzi jarduera jasotzen dira, horietako batzuk jada martxan daudenak, besteak beste, erorketak saihesteko tailerrak auzo etxeetan 65 urtetik gorako pertsonentzat; patalogiak dituzten edo sedentarioak diren pertsonei zuzendutako Zugan Pentsatuz proiektuaren sustapena; Lehen Hezkuntzako 6. mailako haurrei zuzendutako Kerik Gabeko Gelak programa egiteko laguntza ematea.

Halaber, bihotz-biriketako bizkortzeko oinarrizko ikastaroak eta tailerrak; adingabeen artean alkohol kontsumoa saihestea helburu duen Iceberg programa; espazio soziosanitarioan elkarlana bultzatzeko proposamena, antzemandako beharrei elkarrekin erantzuteko marko komun bat ezartzeko; genero indarkeriari aurre egiteko diziplinarteko bilerak; erretzeari uzteko ikastaroen eskaintza eta Paziente Bizia programa ere abian daude.

Osasunsareak ahalik eta hedapen handiena izatea lortzeko, lan lerro honetan lantaldeak sortuko dira. Bertan, herritarrek eta administrazioko kideek hartuko dute parte, eta hurrengo hilabeteetan plangintza ezberdinak jarriko dituzte abian.