Ostiralean hasiko da Gipuzkoako adinekoen eguneko zentroetako erabiltzaileen txertaketa

Publicado: miércoles, 24 febrero 2021 18:28

DONOSTIA, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako 63 eguneko zentroetako adineko erabiltzaileen eta 55 urtetik gorako profesionalen txertaketa ostiralean hasiko da, otsailaren 26an, Pfizer/Biontech txertoaren lehen dosiekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak diseinatutako txertaketa estrategiari eta haren lankidetza eta laguntza eskaerari erantzunez. Gipuzkoako Aldundiak aurreikusi du 2-3 astetan amaitzea txertaketa kanpainaren etapa berria, lehen dosiaren aplikazioarekin.

Pasa den ostiralean, otsailaren 19an, 55 urtetik beherako langileei AstraZeneca txertoaren lehen dosiak ipintzen hasi zen Gipuzkoako Aldundia. Kanpaina Donostiako Nuestra Señora de las Mercedes eguneko zentroan hasi zen, eta ostiral honetan bertan hasiko da erabiltzaileen eta gainerako langileen txertaketa ere.

Gipuzkoan adineko pertsonentzako 63 eguneko zentro daude eta sareak 1.825 plaza ditu guztira. Txertoa jasoko duten hurrengo kolektiboak 15 pertsona baino gutxiagoko bizikidetza unitateetan bizi diren desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonak izango dira (15 plaza baino gehiagoko zentroek txertoak jaso dituzte), eguneko zentro batera joaten direnak, baita arreta ematen dieten profesionalak ere.

Horrenbestez, Gipuzkoako Aldundiak 55 urtetik beherako profesional soziosanitarioei AstraZeneca txertoak ematen jarraituko du, eta Pfizer txertoa erabiltzaileei eta 55 urtetik gorako langileei. Ondoren, ikuskaritza zerbitzuko profesionalei, mendekotasuna eta desgaitasuna baloratzeko etxeetara joaten diren taldeei, eta arreta goiztiarreko profesionalei jarriko zaie txertoa.

Txertaketa kanpaina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean diseinatu da, eta helburu du kolektibo zaurgarrienen eta haiek zaintzen eta artatzen dituzten profesionalen artean txertaketa prozesua bizkortzea.

Horretarako, Gipuzkoako Aldundiak sei talde propio ditu, DYA eta Aita Menniren lankidetzaz gain. Horiek guztiek osasun publikoko profesionalen prestakuntza jaso dute, eta txertaketa kanpaina gainbegiratzeaz ere arduratzen dira. Foru taldeek Gipuzkoako hiru txertaketa gunetan jarriko dituzte txertoak (Donostian, Eibarren eta Tolosan), adinekoen eguneko zentroetan izan ezik, horietan ekipoak baliabide bakoitzera hurbilduko baitira.