Actualizado 24/11/2021 18:43 CET

Pandemian egindako lana aitortu diote Miren Basaras mikrobiologoari biologoen elkargoek

Archivo - Miren Basaras
UPV/EHU - Archivo

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Miren Basaras Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileak covid-19aren pandemian zehyar egin duen lana aintzatetsi dute Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak eta Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziak.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, covid-19aren pandemian zehar osasunaren arloan biologiako profesionalek egin duten lana aitortzeko ekitaldia ospatuko dute bi erakundeek ostiralean, azaroaren 26an, 18:00etan, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen paraninfoan, eta sari banaketa ere egingo dute bertan.

Bi erakundeek adierazpenetan nabarmendu dutenez, "Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziak eta Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak jendartean zabaldu eta agerian jarri nahi dugu zer ahalegin egin duten biologiako profesional sakrifikatu hauek covid-19aren pandemian. Horretarako, aitorpen ekitaldi publiko bat antolatu dugu, ikusgarri egiteko zer garrantzi duten gaitzaren eta haren hedapenaren aurkako borrokan egin dituzten ekarpenek".

Ekimenak hiru sari emango ditu, eta Miren Basaras ikertzaileak 'Covid-19aren pandemian diziplina anitzeko lankidetzaren bidez osasungintzan egin diren aurrerapenen aitorpena' jasoko du. "Oso pozgarria da egindako lanaren aitorpena jasotzea", adierazi du Basarasek.

"Diziplina anitzeko lankidetza beti da nahitaezkoa zientziak aurrera egin behar badu, eta pandemia honek egunero gogorarazi digu hori. Zientziaren dibulgazioan egin beharreko ahalegina gutako bakoitzak ezagutza gizarteari hurbiltzeko egin beharreko lana da", gaineratu du.

Halaber, mikrobiologoak eskerrak eman dizkie Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziari, Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari eta EHUri, "nigan izan duten konfiantzagatik".

MIREN BASARAS

Miren Basaras Ibarzabalek (Bilbo, 1968) 1985ean lortu zuen Biologiako Lizentziatura, EHUn, eta 1995an Doktoretza. 'Detección de RNA en la infección por VHC. Implicación en la terapéutica de las hepatitis crónicas' izan zen bere tesia.

Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko kidea eta irakaslea da EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. 2020ko irailean Covid-19 Zaintza Batzordearen zuzendaritzari heldu zion. Koronabirusak unibertsitatean eragin ditzakeen ondorioak kontrolatzeko ardura duen EHUko organismoa da.

Pandemian, Miren Basaras erreferenteetako bat izan da covid-19aren pandemiaren kontrako borrokan; bai egin duen ikerketagatik, bai komunikabideetan egin duen lan didaktikoagatik, bai birusaren bahetze programetan eta bestelako eginkizunetan boluntario gisa egin duen lanagatik.

Contador