Publicado 20/05/2022 17:43

Paskual Rekalde euskaltzain osoak sarrera hitzaldia eskainiko du larunbatean, Amaiurren

Paskual Rekalde
EUSKALTZAINDIA

BILBO, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Paskual Rekalde hizkuntzalari nafarra 2020an, eta orain, Akademiaren barne arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera hitzaldia egitea dagokio. Larunbatean izango da ekitaldia, maiatzaren 21ean, Amaiurko herriko plazan, eta herriko toponimia aztertuko du sarrera hitzaldian.

Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, osoko bilkura egingo du 10:00etan, Elizondon, eta 12:00etan hasiko da ekitaldi instituzionala, Amaiurren. Hasteko, Mikel Altzuart Dutari bertsolari baztandarrak pare bat bertso botako ditu; segidan, Amaiurren Kantuz abesbatzak Lauaxeta olerkariaren 'Amayur gaztelu baltza' abestia kantatuko du; ondoren, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Ixabel Aleman Amaiur herriko alkateak ongietorria egingo diete bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera.

Segidan, Paskual Rekaldek sarrera hitzaldia irakurriko du, eta hiru gai nagusi jorratuko ditu mintzaldian: euskara batua eta mintzamoldeak; Baztango hitzen ekarpena Euskaltzaindiaren Hiztegiari; eta Amaiurko toki-izenak, etxe-izenak, pertsona-izenak (ezagun zein ezezagun). Miriam Urkia euskaltzain osoak emango dio erantzuna, eta gero euskaltzain berriak zin egin beharko dio bere karguari, euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela esanez.

Azkenik, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu Rekaldek euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren bukaeran dantza saioa egingo dute Amaiurko eskolako haurrek eta ekitaldira hurbildutakoek zintzurra bustitzeko aukera izango dute.

Euskaltzainek, agintariek, senideek eta gonbidatuek Gaztelu elkartean bazkalduko dute. Bazkalondoan herriko arkeologia museoa bisitatzeko aukera izanen da, eta, eguraldiak lagunduz gero, baita Amaiurko gazteluaren hondakinak ere.