Actualizado 20/06/2013 15:45 CET

Passion for Knowledge-Quantum 13 zientziaren jaialdia ospatuko da urrian Donostia, Bilbo eta Gasteizen

Etxenikek eta Muiñok aurkeztu dute jaialdia
PASSIO FOR KNOWLEDGE

DONOSTIA, 20 Jun. (EUROPA PRESS) -

Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak Passion for Knowledge-Quantum 13 izeneko zientziaren jaialdi berezia "pentsatu, bultzatu eta antolatu du", Euskampus Euskal Herriko Unibertsitateko(EHU) Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruaren baitan. Ikuspuntu berritzaile eta sortzaile batetik, jardueren programa zabala eskainiko du, zientziaren eta gizartearen arteko topaleku bat sortzeko. Hala, herritarrak kultura zientifikoaren parte egin nahi dituzte antolatzaileek, bai eta ikerketak gizartean duen garrantzia frogatu ere.

Pedro Miguel Etxenike Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradun eta Passion for Knowledge-Quantum 13ko presidenteak eta Ricardo Díez Muiño DIPCeko zuzendariak Donostian eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, jaialdia irailaren 30etik urriaren 6ra izango da, Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

Hiriok aldi berean eskainiko dituzte publiko orokorrari, ikasleei, ikertzaile gazteei eta zientzialariei zuzendutako ekitaldiak, eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokia izango da publiko orokorrarentzako ekitaldi gehienen topalekua.

Jaialdiaren ekitaldi nagusia publiko orori zuzendutako programa izango da, eta, horrela, nazioarteko izen handiko zientzialariek eta zenbait diziplinetako pertsona ospetsuek hitzaldiak eskainiko dituzte. Halaber, publiko orokorrarentzako programazioan, Naukas Quanta saioak izango dira, Naukas zientzia-komunikazioko on line plataforma ezagunarekin elkarlanean.

Gainera, "La entrevista" antzezlana taularatuko da lehen aldiz. Gaurkotasunezko gaiak jorratuko ditu, hala nola zientzia-ikerketaren garrantzia eta erantzukizuna, eta zientziak gizartearekin duen harremana. Bideo-emanaldiak ere ikusi ahal izango dira hiriotako zenbait lekutan.

Publiko orokorrarentzat pentsatutako jardueretatik haratago ere iritsiko da Passion for Knowledge-Quantum 13. Aurreko edizioen arrastoari jarraika, jaialdiaren asmoa da bigarren hezkuntzako ikaslei puntako zientzialariak hurbiltzea, besteak beste, zenbait Nobel saridun top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

"Zientzialariengandik zuzenean jasotako zientziarekiko pasioak ikasle gazteak goitik behera bustitzea nahi dugu, zientziaren ikerketara hurbildu ahal izango baititu horrek", adierazi du Pedro Miguel Etxenikek.

TAILERRAK

Bestalde, Passion for Knowledge-Quantum 13 jaialdiak trebakuntza-tailerrak eta tailer berezi bat eskainiko ditu lehen aldiz EHUko campusetan eta Tecnaliako egoitzetan. Unibertsitate-komunitateari zuzenduta daude tailerrok eta, bereziki, ikertzaile gazte, doktoregai eta masterretako ikasleei. Ikertzaile gazteei komunikaziorako eta nork bere ikerketa-lanari balioa emateko tresnak ematea da saio horien helburua.

Zientzialarien komunitatea alde batera utzi gabe, Passion for Knowledge jaialdiaren edizio honetan nazioarteko workshop zientifiko bat ere egingo dute: 30th Brandt Ritchie Workshop (BRW). Materia kondentsatuaren fisika eta materialen zientzia jorratuko dituzte batez ere biltzarrean.

Jaialdiaren aurkezpenean, Etxenikek EHUren lana nabarmendu nahi izan du, eta Iñaki Goirizelaia errektorearen esaldi bat aipatu du, hura azkar sendatzeko nahia agertzearekin batera: "Mundua oso txikia da orain, eta ase nahi ditugun beharrak asetzeko eskaintzen ditugun zerbitzuak oraintxe bost kontinenteetan sortzen ari diren antzeko dozenaka zerbitzurekin lehian daude. Horrexegatik, talentuak ezartzen du benetako desberdintasuna".

Antolatzaileek nabarmendu dute zientziaren jaialdiak agerian utziko duela zer garrantzia ematen dien euskal gizarteak zientziari eta ikerketari, eta garrantzia hori "bereziki nabarmena" dela gaur egungo krisi ekonomikoko egoeran.

"Beren etorkizunaren jabe izan nahi duten gizarteek beren talentua zaintzen dute, etorkizunerako ereiten dute eta talentua erakarri eta atxiki egiten dute. Ezbairik gabe, urriko lehenengo astea Euskadin garapen zientifiko-teknologikoaren alde egindako apustuaren adibide izango da", ziurtatu du Etxenikek.

Halaber, Ricardo Díez Muiñok gaineratu duenez, "jaialdiak alfonbra gorria zabalduko du zientziarentzat, eta datozen belaunaldien ongizatea bermatzeko funtsezko jarduera gisa sustatuko du zientzia. Ezagutzarekiko jakin-mina zientziaren, teknologiaren eta kulturaren motorra da".

Publiko orokorrarentzat, ikasleentzat eta ikertzaile gazteentzat antolatutako ekitaldi guztiak doakoak izango dira, "La entrevista" antzezlana izan ezik; laster izango dira salgai antzezlana ikusteko sarrerak. Passion for Knowledge-Quantum 13 jaialdian parte hartzeko, bere webgunean izena eman eta lekua gorde behar da: www.quantum13.eu.