Actualizado 04/05/2021 16:17 CET

Petronorreko langileek bi orduko lanuztea eta manifestazioa egingo dituzte asteazkenean

Archivo - Petronorreko findegia, Muskizen.
EUROPA PRESS - Archivo

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Petronorreko langileek bi orduko lanuztea eta Muskiztik Abanto Zierbenera manifestazioa egingo dituzte asteazkenean, maiatzaren 5ean, astelehenetik 354 langileri eragiten dien aldi baterako enplegu erregulazioaren kontra, langile batzordeko iturriek Europa Press albiste agentziari jakitera eman diotenez.

Aldi baterako enplegu erregulazioak findegiko langileen herenari eragin die, zortzi hilabeteko iraupena du eta kontratu etenaren portzentajea ezberdina da langileen artean. Langile batzordeko iturriek adierazi dutenez, "eragin txikiagoarekin" hasi da aplikatzen, aurreikusi baitzen 30 bat langileri eragitea lan jardunaldiaren %100ean, baina azkenean 12 izan dira.

Petronorreko langile batzordea astelehenean bildu zen egoera aztertzeko eta burutu nahi dituen mobilizazioen egutegi berria prestatzeko, eta asteazkenean aurkeztuko die langileei, asanbladan.

Oraingoz, aurreikusita zeuden mobilizazioekin jarraituko du langile batzordeak, eta asteazkenean, maiatzaren 5ean, 11:00etatik 13:00etara lanuztea egitera deitu ditu langileak. Gainera, manifestazioa ere egingo dute, findegiaren Muskizko instalazioetatik Abanto Zierbenako Las Carrerasera arte, bueltan Petronorrera itzuliz.

Halaber, ostiralean, maiatzaren 7an, beste lanuzte bat izango da, 11:30etik 14:00etara, eta manifestazioa Bilbon, 12:00etatik 13:30era, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Foru Jauregira. Maiatzaren 14an ere lanuztea egingo dute, 10:00etatik 14:00ak arte, Gasteizen manifestazioa eginez, Lakuatik Eusko Legebiltzarrera.

Bestalde, Petronorreko langile batzordeak bilera izan du astearte honetan EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu-EB talde politikoetako ordezkariekin, egoera azaltzeko eta beren eskaerak Eusko Jaurlaritzari ezagutzera emateko modua aztertzeko.

Contador