Pintxoaren Institutuko Barandak irabazi zituzten pintxo eta tabernen gida argitaratu dute

Gidaren bi bertsioen azala.
DONOSTIAKO UDALA
Publicado: lunes, 27 enero 2020 17:35

DONOSTIA, 27 Ene. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Pintxoaren Institutuak gida bat argitaratu du, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarekin eta Donostiako Udaleko Turismo Zinegotzigoarekin batera, eta 2019ko otsailean Miramar jauregian izan zen I. Pintxo Galan Urrezko eta Zilarrezko Barandak lortu zituzten 39 establezimenduak bildu ditu bertan. Gidaren 1.000 ale argitaratu dira euskara-gaztelania bertsioan, eta beste 500 ale frantses-ingelesekoan. Donostia Turismoaren bulegoetan banatuko dira.

Ernesto Gasco Turismoko zinegotziak adierazi duenez, "Pintxoaren Institutuaren saria merezi izan zuten establezimendu horien lan ona, lan profesionala eta tradizioarekiko errespetua nabarmendu nahi ditugu, eta, horretarako, gida hau argitaratu dugu, gure hirira hurbiltzen direnek erreferentzia bat izan dezaten".

Liburuxkak hiriko mapa-plano batean adierazten du saritutako establezimendua non dagoen, eta "Donostiako pintxoaren dekalogoa" ere badakar, "gure tradizio gastronomiko horren funtsezko alderdiak biltzen dituena", hau da, "etxean egina izatea, bertako produktuekin, bi edo hiru ahokadatan jateko modukoa izatea, produktu freskoz egina eta etengabe berritzea, eta establezimendu batetik bestera ibiltzea, pater bat hartu eta taberna batean bakarrik geratu beharrik gabe".

Sukaldaritzako eta beste sektore batzuetako profesionalez osatutako epaimahai bat dagoeneko hasi da hiriko establezimenduak bisitatu eta haietan diren pintxo batzuk modu anonimoan probatzen, apirilaren amaieran izango den bigarren galan Urrezko eta Zilarrezko Barandak nork mereziko dituen erabakitzeko.