Actualizado 2015/1/27 13:38:03 +00:00 CET

Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren Behatokia sortuko du Bizkaiko Aldundiak

Pertsona bat kalean eskatzen
Foto: Europa Press

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren Bizkaiko Behatokia sortu eta arautzen duen dekretua onartu du Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak. Kide anitzeko organo aholku emailea izango da, eta Bizkaian pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren errealitatea nolakoa den ezagutzeko informazio sistema bat sortu eta mantentzeko helburua izango du.

   Bizkaiko Aldundiko arduradunek azaldu dutenez, lurraldeko pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren errealitatea eta gizarteratze prozesuak aztertzeaz gain, behatokiak erregistratzen diren aldaketak identifikatu eta haien berri eman nahi du (entitate eta erakunde publiko zein pribatuei).

   Zehazki, Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren Bizkaiko Behatokiak adierazle sistema bat diseinatu eta eguneratuta mantenduko du. Adierazle horien bitartez, Bizkaiko pobreziari eta gizarte bazterkeriari eta inklusio prozesuei buruzko informazio esanguratsua bilduko da.

   Halaber, informazio sistema bat abiatazi eta mantenduko du, pobreziari, gizarte bazterkeriari eta gizarteratze prozesuei buruzko datuak jaso, bildu eta ustiatzeko. Bizkaiko gizarteratze prozesuei lotutako arloetan eskuragarri dagoen informazioa biltzeko eta aztertzeko organo iraunkor gisa ere jardungo du.

   Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren Bizkaiko Behatokiak osoko bilkuran jardungo du, eta Gizarte Ekintza, Lehendakaritza eta Ekonomia Sustatzeko sailetako kideek osatuko dute. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun, Enplegu eta Gizarte Politika eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailek ere parte hartuko dute, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko, gizarte sektoreko erakundeetako eta EHUko zein Deustuko Unibertsitateko kideek ere osatuko dute.