Portugaleteko Udalak saltokietako errotuluak euskaratzeko diru laguntzak banatuko ditu

Actualizado 2017/04/19 12:50:41 CET

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Portugaleteko Udalak merkataritza establezimenduetako kanpoko errotuluak euskaraz jartzeko diru laguntzak banatuko ditu. Errotulua euskaraz soilik idatziz gero, gastuaren %75eko diru laguntza emango du, 600 euroko mugarekin, eta bi hizkuntza ofizialetan idatziz gero, gastuaren %60ko diru laguntza emango du, 400 euroko mugarekin.

Portugaleteko Udalak adierazi duenez, hizkuntza paisaiak "berebiziko garrantzia" du hizkuntzaren erabileran, eta, hori dela eta, "ezinbesteko" irizten dio merkataritza establezimenduetan kanpoko errotuluak euskaratzeari.

Horregatik, 2013. urtean arautegia prestatu zuen lokaletan euskarazko errotuluak instalatu nahi dituztenei diruz laguntzeko. Ordutik hona errotuluen arautegiak hainbat aldaketa izan ditu, eman beharreko diru laguntzak gero eta gehiago eta gero eta hobeak izateko asmoz. Gauzak horrela, 2017an, diruz lagundutako ehunekoak nola jaso daitezkeen gehienezko kopuruak igo dira.

Kanpoko errotuluak euskaraz jartzeko diru laguntzen onuradunak izan daitezke Portugaleten kokatuta dauden merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen establezimenduak. Errotuluko testuak zuzen idatzita egon beharko du, eta Euskara Zerbitzuak aholkua eskainiko die hala eskatzen dutenei.

Errotulua euskaraz soilik idatziz gero, gastuaren %75eko diru laguntza emango da, betiere 600 euroko mugapean, eta bi hizkuntza ofizialetan idatziz gero, gastuaren %60ko diru laguntza emango da,
betiere 400 euroko mugapean.

Arautegi osoa Bizkaiko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen apirilaren 12an eta eskuragarri dago Portugaleteko Udalaren webgunean: www.portugalete.eus. Eskatzeko epea urriaren 28a arte zabalik egongo da.