Prestakuntza Dualari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra egingo da astelehenean, Donostian

Prestakuntza Dualari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra egingo da datorren astelehenean, Donostian
EHU - Archivo
Publicado: domingo, 16 junio 2019 11:43

DONOSTIA, 16 Jun. (EUROPA PRESS) -

Prestakuntza Dualari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra egingo da astelehenean, ekainaren 17an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Carlos Santamaria zentroko entzunaretoan, Donostian, "Unibertsitateko Prestakuntza Duala Europako Unibertsitate Eremuan" izenburupean. EHUko Uda Ikastaroen testuinguruan kokatua, biltzarra EHUk berak eta IMH-Makina Erremintaren Institutuak antolatu dute, Lleidako Unibertsitatearen lankidetzarekin.

Biltzarraren inaugurazio ekitaldia goizeko 09:00etan izango da, eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak parte hartuko dute, besteak beste, EHUk jakinarazi duenez.

Prestakuntza Dualari buruzko Nazioarteko I. Biltzarraren helburuen artean daude, besteak beste, Europako unibertsitate eremuaren erreferentziazko esperientziak eta errealitateak bertatik bertara ezagutzea; esperientzien trukea sustatzea, eredu horren garapenean; prestakuntza dualaren errealitatea eta erronkak identifikatzea, unibertsitate-enpresa harremanean, eta kalitateari eta garapen esparruei buruz eztabaidatzea. "Azken batean, gero eta errotuago eta zabalduago dagoen irakaskuntza eredu berri honen inguruan gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko aukera emango digu ekitaldiak", gaineratu dute EHUtik.

Europako erakundeen arrakasta kasu batzuk emango dira ezagutzera, hala nola Frantziako Calaisko Formasup Nord Pas eta Alemaniako Duale Hochschule Baden-Württemberg Mosbach (DHBW). Era berean, prestakuntza dualean parte hartzen duten enpresen eta ikasleen lekukotzak entzungo dira, eta 20 bat komunikazio aurkeztuko dira. Biltzarraren amaierako ekitaldia 17:30ean izango da, eta Markel Olano Gipuzkoako jarduneko diputatu nagusia egongo da bertan.

"Biltzar honen bidez, balioa eman nahi zaio prestakuntza eredu honen inguruan sortutako ezagutza jario handiari, eta haren etorkizuneko garapena baldintzatuko duten erronka handiei buruz eztabaidatu nahi da" azpimarratu du Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde eta ekimenaren zuzendarikideak.