Primeran plataformak 'Tamara ta Mara' euskarazko telesail berria estreinatuko du

Primeran plataformak 'Tamara ta Mara' euskarazko telesail berria estreinatuko du
EITB
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 4 junio 2026 13:13

BILBO 4 (EUROPA PRESS)

Primeran plataformak 'Tamara ta Mara' izenburuko EITBren euskarazko telesail berria estreinatuko du ostegun honetan, Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe, Maria Urcelay, Miren Gaztañaga eta Koldo Olabarri protagonista direla.

EITBk jakinarazi duenez, Begira Produkzioak etxeak ekoitzi du telesaila, eta Ane Rotaetxek zuzendu. Gidoian, Ane Rotaetxe berak eta Larraitz Zuazok eta Antton Telleriak hartu dute parte. "Komedia feminista zoro bezain ausarta" da, eta euskarazko fikzio seriatua indartzeko EITBren 'Formatu txikiak, Talentu berriak' deialdiaren barruan sortutako bigarren telesaila da.

Bi aktore gazte, Tamara ta Mara, casting areto batean aurkituko dira. Biak daude krisi pertsonal eta laboral sakonean murgilduta eta proiektu hau aldaketarako aukera izan daiteke, baina bien artean duela urtebete gertatutako zerbaitek lan prozesua hankaz gora jarriko du eta bakoitzaren desio, izu eta frustrazioak azaleratuko dira.

Ekoizpen berriak hogeina minutuko lau atal ditu, eta lehenengo hirurak Bilboko Azkuna Zentroko Golem zinema aretoan proiektatuko dira ostegun honetan, 19:00etan, pantaila handian. Primeran plataformak 22:00etan estreinatuko du telesaila.

"Hasierako momentutik kritika soziala egiteko komedia bat lantzeko gogoa izan nuen. Hainbeste argi-ilun dituen gure ikus-entzunezko mundutik abiatuta, geure buruei barre egin nahi izan diogu. Hortaz, prekarietatea, sare sozialen gain-esposizioa, harreman toxikoak edo zaintza bezalako azpigaiak ere jorratu nahi izan ditugu, beti ere, umoretik", azaldu du Ane Rotaetxek proiektuaren abiapuntua dela eta.

Estreinakoz aritu da Rotaetxe fikzioa zuzentzen: "Zuzendari bezala, neure lehen aldia izan den honetan ezin hobeto inguratuta egon naiz eta plazerretik lan egiten saiatu naiz, gidoien lanketatik hasi eta estreinaldia den aste honetara heldu arte".

"Telesail bat egiteak suposatu duen bidaiaren gozamenaren foko hori galdu gabe, umorea egin dugun momentutik, guk geuk ere ondo pasatzea jomugan izan dugu prozesu guztian zehar", gaineratu du.

Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe, Maria Urcelay, Miren Gaztañaga eta Koldo Olabarri antzezle nagusiekin batera, Mikel Losada eta Lander Otaola aktoreen agerraldi bereziak ikusiko dira, eta "luxuzko rol laburrak" ere, besteak beste, Lara Izagirre zuzendari eta ekoizlea, Katixa Agirre idazlea, EITB eta telebista munduko Felix Linares, Dani Alvarez, Andoni Calvo, Sara Gandara, Xabier Madariaga, Ana Goitia, Malen Altuna eta Aitziber Grados, eta Jonkass DJa.

DEIALDIA

EITBren 'Formatu txikiak, Talentu berriak' deialdiaren testuinguruan estreinatuko den bigarren telesaila da 'Tamara ta Mara', eta deialdira aurkeztutako proiektuetan euskal emakume profesionalen parte hartzea azpimarratu du Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak.

Bere hitzetan, "deialdi berri honetako telesail gehienak emakumeek zuzentzea edo zuzendarikide aritzea albiste aparta da euskal ikus-entzunezko sektorearentzat. EITBrentzat estrategikoa da zuzendari eta ekoizleez gain, bestelako emakume profesionalen parte hartzea sustatzea, belaunaldi berriek gure lurraldeko emakume erreferentziak izan ditzaten eta, gainera, euskaraz".

Contador

Contenido patrocinado