GASTEIZ, 13 Oct. (EUROPA PRESS) -
René Cassin giza eskubdieen arloko sariaren aurtengo deialdia egin du Eusko Jaurlaritzak. Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez ematen du saria Jaurlaritzak, eta bere helburua da publikoki goraipatzea eta saritzea ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin euskal gizartean giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza ematen duten pertsonak eta taldeak.
Sariak 12.000 euroko diru zuzkidura eta ohorezko aipamen bat ditu, eta giza eskubideen alorrean nabarmentzen diren pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuek jaso dezakete. Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunaren biharamunean kontatzen hasita.
Jaurlaritzak 2003an sortu zuen saria eta Rene Cassinen oroimenez ezarri zen izena. René Cassin Baionan 1887an jaiotako legelari eta epailea izan zen. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen 1948an, eta 1968an Bakearen Nobel saria eman zioten. Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko baliatu zuen Nobel saria. Saria Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala egin zen egunean emango da, abenduaren 10ean.