Renfek tren eskaintza berezia egingo du igandean Altsasuko Nafarroa Oinez jairako

Publicado: miércoles, 17 octubre 2018 13:51

BILBO, 17 Oct. (EUROPA PRESS) -

Renfek distantzia ertaineko tren bereziak jarriko ditu martxan igandean, urriaren 21ean, Altsasun ospatuko den Nafarroa Oinez 2018 jairako joan-etorriak errazteko. Dispositibo bereziaren ondorioz, 6.800 plaza gehiago eskainiko dira, Renfek jakinarazi duenez.

Iruñeatik, Donostiatik eta Gasteiztik izango dira trenak. Hain zuzen, 1.200 plazako tren bat izango da Irunetik (08:26) eta Donostiatik Altsasura, eta Lezo-Errenteria, Pasaia, Hernani, Andoain, Villabona-Zizurkil, Tolosa, Ordizia, Beasain, Zumarraga eta Legazpin geratuko da. Gasteiztik Altsasura doazen tren bereziko bidaiariak Altsasuko geltokian jaitsiko dira, ez geralekuan, egin ohi den bezala. Tren hori 09:52an irtengo da.

Halaber, Tuteratik eta Iruñeatik Altsasura dauden ohiko trenez gain, Renfek bi zerbitzu gehigarri jarri ditu irteera gehiagorekin: Tuteratik 07:28an irtengo da, eta Iruñeatik 08:55ean eta 10:45ean.

Bestalde, Nafarroa Oinez amaitutakoan etxera itzultzeko, Renfek alderantzizko norabidea egiteko operatiboa antolatu du Irun/Donostia, Gasteiz eta Iruñea/Tuterara, 17:22an hasi eta 19:25era arte. Denek joaneko ibilbidean egindako geraldi berdinak egingo dituzte.

Renfek nabarmendu duenez, bi hamarkada baino gehiago daramatza euskararen aldeko ekitaldietan parte hartzen. Horrela, aurten ere, euskararen hedapenari lagundu nahi izan dio eta tren zerbitzu berezia jarri du horrelako ekitaldiak egiten diren herrietara jendea gerturatzeko. Azken urteetan Renfe lankidetzan aritu da Ibilaldia, Kilometroak eta Araba Euskaraz izan direnean ere, ekitaldiaren tokian geltokia dagoen kasu guztietan.