Rockein lehiaketaren finala azaroaren 20an izango da, Basauriko Social Antzokian

Rockein lehiaketaren finala
ROCKEIN
Actualizado: jueves, 12 noviembre 2020 17:13

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Rockein lehiaketaren zortzigarren edizioaren finala azaroaren 20an izango da, Basauriko (Bizkaia) Social Antzokian. Airu, Cecilia Payne eta Wicked Wizzard dira sari nagusia irabazteko hautagaiak, eta Koiu, La Tokokera eta La Última Bala tokiko artistarik onena kategoriakoak.

Basauriko Udalak antolatzen du Rockein lehiaketa, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa musikala da.

Azaroaren 20ko finala murriztutako edukierarekin egingo da, eserlekuekin, eta covid-19ari aurre egiteko araudi guztiak betez (distantzia soziala, maskara nahitaez erabiltzea, leku komunak garbitzea, barrarik gabe).

Gainera, indarrean dagoen araudia betetzeko, aretoko ateak 17:30ean ireki, kontzertuak 18:00etan hasi eta ekitaldia 21:00etan bukatuko da. Sartu eta gero, aukera izango da edozein unetan antzokitik ateratzeko, baina ezin izango da berriz sartu. Gonbidapenak socialantzokia.eus webgunean erreserba daitezke.

Basauriko eta mugakideak diren Bilbo, Etxebarri, Galdakao, Arrigorriaga eta Zaratamoko biztanleak joan ahalko dira ekitaldira, eta gonbidapena ziurtagiri moduan erabili ahal izango da. Finala 'streaming' bidez ere emango da lehiaketaren Youtube kanalean, besteak beste, Laudioko biztanleek ezin izango direlako bertaratu (Laudioko Udala lehiaketaren erakunde laguntzailea da).

Finaliste dagokienez, Airu izeneko proiektua Berangoko Irune Vega abeslari eta konpositore gaztearena da; Cecilia Payne, aldiz, 1980 eta 1990ko hamarkadetako indie-rocka egiten duen laukote bizkaitarra da, eta Wicked Wizzard Mungiako stoner-rock hirukotea.

Finalean joko duten beste hiru taldeak dira Koiu (punk-rocka euskaraz, Galdakao-Usansolo), La Tokokera (cumbia, reggae, merengue, ska, salsa, Galdakaoko taldekide batekin) eta La Última Bala (rock klasikoa egiten duen hirukotea, Basauriko kide batekin). Tokiko artistarik onenaren saria irabazteko hautagai izango dira hirurak.

Dena den, kategoria nagusiko Cecilia Payne taldeak ere, Arrigorriagako kide bat izanda, sari nagusia eskuratuko ez balu, tokiko artistarik onenaren saria irabazteko hautagai izateko kontuan hartuko luke epaimahaiak, lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenari jarraituz.

Horrez gain, lehiaketaren euskarazko artistarik onenaren eta publikoaren sariaren irabazleen izenak ere finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak.