Rockein musika lehiaketara lanak aurkezteko epea martxoaren 21ean bukatuko da

Rockein lehiaketa
BASAURIKO UDALA
Actualizado: martes, 22 enero 2019 15:35

   BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Basauriko Udalak zazpigarren urtez antolatu du Rockein lehiaketa musikala, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko udalen eta Bizkaiko Aldundiaren laguntzarekin, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzenduta. Lanak aurkezteko epea martxoaren 21era dago zabalik.

   "Rockein-en parte hartze datuak, antzeko beste ekimen batzuen testuinguruan, oso datu onak dira. Arrigorriaga, Galdakao, Laudio eta Aldundiaren laguntzaz, lehiaketa Basaurik musikaren alde egiten duen apustuaren engranajearen barneko beste pieza bat bezala ulertzen dugu. Agian piezarik garrantzitsuena, gehien behar dutenean proiektuei bitarteko profesionalak ematen dizkiena baita", esan du aurkezpen prentsaurrekoan Andoni Busquet Basauriko alkateak.

   Musika alorreko profesionalek osatutako epaimahaiak maiatzaren 11n aukeratuko ditu Basauriko Social Antzokian joko duten sei finalistak, jasotako proposamen guztien artean. Finalaren egunean bertan erabaki eta jakinaraziko du epaimahaiak lehiaketaren 2019ko edizioaren irabazleak zeintzuk diren.

   Jokoan dauden sarien artean honako hauek daude: gutxienez bost abestiko EP baten grabazio, ekoizpen, masterizazio eta diseinu grafikoa, bideoklip baten ekoizpena eta MAZ Basauri jaialdian jotzea.

   2018an Rockein-ek parte hartze errekorra ezarri zuen hirugarren urtez jarraian: 135 proposamen jaso zituen (27k Basaurin, Galdakaon, Arrigorriagan edo Laudion erroldatutako kide bat zeukaten, gutxienez) eta Social Antzokiko finalera 250 lagun hurbildu ziren. Lehiaketak %58 igo du parte hartzea 2013ko lehen ediziotik hona.

   Azken edizioko irabazlea The Owl Project taldea izan zen, eta sariaren ondorioz ekoitzitako lanak aurkeztu ditu: "Enea" bost abestiko EPa eta "Lithium" abestiaren bideoklipa, Borja Crespo zuzendari getxoztarrak filmatua. The Owl Project zein 2018ko gainerako irabazleak (Haxotz, Agian eta Voltium -Kimera bezala parte hartu zuten, izena aldatu dute baina taldekide berberak dira-) MAZ Basauri 2019n joko dute.