"San Mamesen ere... lehenengo berba euskaraz" egitera animatuko dute, Athletic-Eibar derbia dela eta

"San Mamesen ere... Lehenengo berba euskaraz" ekimena egingo dute larunbatean
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 22 febrero 2019 12:09

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak eta Athletic Club taldeak euskara kirolaren mundura hurbiltzeko ekimena antolatu dute larunbaterako, otsailaren 23rako, San Mamesen, herritarrak lehenengo hitza euskaraz egitera animatuz. Horretarako eskuorri batzuk banatuko dira Athletic-Eibar derbian, "San Mamesen ere... lehenengo berba euskaraz" goiburuarekin.

Hain zuzen, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, 30.000 eskuorri argitaratuko dira, eta San Mamesko sarrerako ateetan banatuko dira, zaleak futbol zelaira sartu behar dutenean. 52 pertsona arduratuko dira mezua bi taldeetako zaleei helarazten eskuorrien bidez. Era berean, futbol zelaiko markagailuetan ere ikusgai egongo da goiburua.

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailaren helburuen artean dago ekimena, alegia, "euskara egunero erabil dadin sustatzea, gizarte elebiduna lortzeko, eta edozein elkarrizketatan lehenik erabiliko den hitza euskaraz izan dadila, hots, herritarrek naturaltasunez erabil dezatela". Oraingoan, Athletic Club-en lankidetza izango du, euskararen erabileraren aldeko apustua ere bere egin baitu.

"Helburua da ahalik eta pertsona gehienengana iristea, jendea animatzea lehenengo pauso hori egin dezaten eta euskaraz hitz egin dezaten; dakienak euskaraz egin dezala. Eskuorria umorez idatzita dago, eta zaleei kontzientzia eragin nahi zaie, euskaraz bizi daitezen eta euskara goza dezaten kirolean izan ohi den giro barean", azaldu dute Bilboko Udaletik.

NORMALIZAZIOA

Bilboko Udalaren helburua da bizitzaren arlo guztietan euskararen normalizazioa lortzea. "Beraz, euskarazko kultur kontsumoa sustatu nahi du, euskara erabili eta jakitea bermatuz; euskaldunen komunitatea indartu, sare presentzialak nahiz birtualak sendotuz eta zabalduz; euskararen erakargarritasuna nabarmendu eta era egokian proiektatu, euskarak aukera ematen duelako era askotako erabileretarako eta baduelako nahikoa leku hurbiltzen diren guztientzako", adierazi dute.

Euskararen Aholku Batzordearen barruan egindako lanaren ondorioz, erabaki da "ekintza batzuk proposatzea euskara kalera ateratzeko" eta "aitortzea euskararen eguneroko erabilera beharrizan bat dela gizarte elebidun bat lortzeko".

Horrela sortu zen "Hirian ere... lehenengo berba euskaraz..." ekimena, zenbait ekintzaren bidez garatzen ari dena. San Tomas egunean izan zen lehenengo ekintza, "Santo Tomas azokan ere... lehenengo berba euskaraz" goiburuarekin; Bilbo-Bilbo bizikleta-martxan, "Bizikletan ere... lehenengo berba euskaraz" izan zen goiburua, eta, orain, Athletic-Eibar derbiaren harira, partidara etorriko diren milaka pertsonengana iritsi nahi da, "San Mamesen ere... lehenengo berba euskaraz" goiburuarekin.