Saskibaloiko Euskal Kopa Durangon jokatuko da datozen hiru denboraldietan

Ezkerretik eskuinera: Monge, Irigoras eta Mendibe
DURANGOKO UDALA
Actualizado: lunes, 12 noviembre 2018 16:57

BILBO, 12 Nov. (EUROPA PRESS) -

Durangoko Udalak, Tabirako Saskibaloi Taldeak eta Euskadiko Saskibaloi Federazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute astelehen honetan. Akordioaren bitartez, hurrengo hiru denboraldietan, emakumezkoen eta gizonezkoen kategoria absolutuetako Euskal Koparen egoitza Durango izango da, "euskal saskibaloiaren erdigune bihurtuz".

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, German Monge Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidenteak eta Ina Mendibe Tabirako ST saskibaloi klubeko ordezkariak sinatu dute hitzarmena, Durangoko udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Irigorasen esanetan, "albiste pozgarria da oso, federazioarekin eta Tabirakorekin dugun lankidetza dinamika bikaina sendotu egiten dugulako eta udalak dituen helburuak betetzen laguntzen digulako: alde batetik, oinarrizko kirola eta kirol profesionala sustatzea eta bestetik, gure udalerriarentzat garrantzitsuak izan daitezkeen kirol ikuskizunak sustatzea".

Hitzarmenaren helburuetako bat, hiru aldeak lankidetzan jarduteko beharrezkoak diren mekanismoak ezartzea da, Durangaldean euskal saskibaloia garatu eta bultzatzea, Euskal Koparekin batera bestelako jarduerak antolatuz.

Horrela, akordioaren ondorioz antolatuko diren jardueren artean, hitzarmenak irauten duen hiru denboraldietan gutxienez behin, Euskadiko senior selekzio absolutua (gizonezkoak edo emakumezkoak) eta atzerriko selekzio baten arteko saskibaloi partida bat jokatuko da Durangon. Era berean, Durangon saskibaloiaren sustapenerako ekimenak garatuko dira, ikastetxeetara bisitak eginez edota kaleko ekimen parte hartzaileak antolatuz. Jarduera guzti hauek Tabirako Saskibaloi Taldeak antolatuko ditu.

Durangoko Udalak, Landakoko kiroldegiaren erabilera lagatzeaz gain, 15.000 euroko diru laguntza emango dio urtero Euskadiko Saskibaloi Federazioari Euskal Kopa egiteko.