Actualizado 13/10/2021 10:26 CET

Sexu abusuen biktima diren adingabeei arreta integrala emateko Barnahus proiektua EAEn

Haur eta Nerabeen Arretarako Batzorde Iraunkor Sektorialak bilera egin du
IREKIA

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

Haur eta Nerabeen Arretarako Batzorde Iraunkor Sektorialak bilera egin du asteazken honetan Lakuan, adingabeak eta nerabeak babestearekin lotutako hainbat gai aztertzeko. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek iragarri du sexu abusuen biktima diren adingabeei laguntza integrala emateko Barnahus izeneko proiektu pilotua jarriko dela abian.

Proiektua Islandian jaio zen, eta Save The Children erakundearen eskutik iritsi da Euskadira. Haurrak eta Nerabeak Babesteko Euskal Lege berria eta bi kolektibo horiekiko indarkeriaren aurkako euskal estrategia ere landu ditu batzordeak.

"Save the Children erakundeak eta herri erakundeetako talde teknikoek urtebete lanean aritu ondoren, hilabete barru beste urrats bat emango dugu. Barnahus eredua euskal errealitatera egokitzeko txosten zehatza aurkeztuko dugu jardunaldi tekniko batean, azaroaren erdialdean", adierazi du Artolazabalek.

Era berean, azaldu du Barnahus sexu abusuko delituen biktima diren adingabeei laguntzeko eredu berri bat dela, eta esku hartzen duten alderdi guztiak leku berean bildu nahi dituela, judizialak zein soziosanitarioak izan. Horrela, biktimek bizi izan dutenaren lekukotza zehatza eta osoa eman ahal izango dute, polizia etxe eta ospitaleetatik urrun.

Barnahus ereduaren lehen urratsak Haur eta Nerabeentzako Sexu Abusuen Arloko erakunde eta sail arteko lantalde tekniko bat elkartzea izan da. Talde horrek Save The Children-en dinamizazioa dauka, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia Fakultatearekin lankidetzan.

Justiziako, Talde Psikosozialetako, Osasuneko, Hezkuntzako, Segurtasuneko, Foru Aldundietako Haurren Zuzendaritzetako eta Arartekoaren ordezkariak izan ditu taldeak, inplikatutako eragileen ahalik eta ikuspegi gehien izateko, eta horrela, diagnostiko bat eta kalitate proposamen batzuk egin ahal izateko, Barnahus eredua Euskadiko ezaugarrietara eta berezitasunetara egokitzeko modurik onena jasotzeko.

Hain zuzen ere, Charo Arranz Save The Children erakundearen Euskadiko lehendakaria asteazken honetako bileran izan da, eta, Artolazabalekin batera, Barnahus ereduaren alde egin du, "ikerketa sakona" egin ondoren, diagnostiko bat egiteko, eta, horren bidez, ereduaren hobekuntza arloak ezagutzeko.

"Informazio eta gomendio horiek guztiak azaroaren 12an aurkeztuko den txosten baten zati dira, eta bertan izango dira Artolazabal sailburua eta Bragi Gudbrandbrandsson Barnahus ereduaren sortzailea", iragarri du Charo Arranzek.

LEGE AURREPROIEKTUA

Barnahusekin batera, Haur eta Nerabeen Arretarako Batzorde Iraunkor Sektorialak Haurrak eta Nerabeak Babesteko Legearen aurreproiektuaren azken xehetasunen berri eman du. Eusko Legebiltzarrera iristeko izapideak laster hasiko dira. Lege honen helburua da adingabeak eskubideen titular gisa onartzeko bidean aurrera egitea, ez bakarrik babesa merezi duten subjektu gisa.

Jaurlaritzaren arabera, lege hori ederki uztartzen da bileran aztertu den adingabeen eskubideak babesteko beste tresna batekin: haur eta nerabeentzako indarkeriaren aurkako euskal estrategia. Duela gutxi, kontraste tailerrak egin dira administrazio, entitate eta sistema publikoekin, baita haurtzaroan eta nerabezaroan jarduten duten hirugarren sektore sozialeko erakunde eta antolakundeekin eta haur eta nerabeen arretan esku hartzen duten lanbide elkargoekin ere.

EDE Fundazioak dinamizatu du estrategia. Ainara Canto EDE Fundazioko Aholkularitza eta Ikerketa Sozialeko arduradunak azaldu duenez, "parte hartze prozesu baten aldeko apustua egin da, Euskadiko haurren eta nerabeen ongizatean eragina duen lana egiten duten hainbat eragileren ekarpenak jasotzeko aukera eman duena, eta askotariko esparru eta sistemetatik hedatzen dena: hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, segurtasuna, justizia, kultura, aisialdia, kirola eta beste batzuk".

Gaineratu duenez, "prozesuan zuzenean sartu dira gure lurraldeko haur eta nerabeak, eragiten dien indarkeriari buruz duten ikuspegia txertatzeko".

Estrategia horren helburua da euskal erakundeak prestatuago egotea indarkeria mota guztiak prebenitzeko, bai eta goizago detektatzeko eta indarkeria egoeretan goiz esku hartzeko ere.

Eusko Jaurlaritzako zazpi ordezkarik, foru aldundietako hiruk eta Euskadiko udaletako hiruk osatzen dute Haur eta Nerabeen Arretarako Batzorde Iraunkor Sektoriala. Horiei gehitzen zaizkie haurren eta nerabeen esparruan lan egiten duten gizarte erakundeetako 11 kide, Gizarte Laneko Elkargo Profesionaleko bat eta Gizarte Hezkuntzako Elkargo Profesionaleko beste bat.

"Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa izan da 2022an haurrak eta nerabeak babesteko tresna horiek guztiak abian jartzea. Orain esan dezaket legea, estrategia eta Barnahus bere eraldaketaren azken faseari aurre egitear daudela. Hiru tresna horiek Euskadi haur eta nerabeen eskubideen babesaren Europako abangoardian jarriko dute", ondorioztatu du Artolazabalek

Contador