SPRIk 2,3 milioi euro banatuko ditu ETEen artean, telelana ezartzen laguntzeko

Telelana
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: miércoles, 1 abril 2020 13:07

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

SPRI enpresa garapenerako euskal agentziak enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntzen programa jarri du martxan, enpresan telelana ezartzeko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila euskal enpresari Covid-19 gaitzaren ondorioen aurka laguntzeko abian jartzen ari den premiazko laguntzen barruan dago programa, eta 2,3 milioi eurotik gorako aurrekontua du.

SPRI Taldeak jakinarazi duenez, aldatu egin ditu Industria Digitala programan diruz lagundu daitezkeen ekintzak, telelana errazteko eta helburu horrekin zabalik dagoen Inplantalariak programaren ekintzak osatzeko. Ehunka euskal ETE interesaturik agertu dira Inplantalariak programan.

Programak 2,3 milioi eurotik gorako aurrekontua du aurten, eta Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsarekin batea finantzatzen da, laguntzek estaliko duten zenbatekoen %50 jarriko baitu. Ekimenaren helburua da Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak txertatzen laguntzea industria enpresetan eta produktu prozesuarekin lotutako zerbitzu teknikoetako, diseinuko eta logistikako enpresetan, enpresaren lehiakortasuna hobetzea asmoz.

Laguntzak %25 eta %50 bitartekoak izan litezke konpainiaren tamainaren arabera, eta orain telelana ere sartu da diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen artean, aholkularitzako, ingeniaritzako eta hardware nahiz software erosketetarako gastuak ordaintzeko.

SEKTOREAK

Sektore oso desberdinak izan daitezke programaren onuradun: sentsorika, Big Data, adimen artifiziala, machine learning eta blockchain, errealitate birtuala, areagotua eta mistoa, ikusmen artifiziala, Smart factory (prozesu industrialen simulazioa gaitasun fisikoak eta birtualak konbinatuz), robotika kolaboratiboa eta malgua, fabrikazio gehigarria, gamifikazioa (jokoetatik ateratako teknikak aplikatzea aurreikusten duten aholkularitzako proiektuak, erabiltzaileak leialtzeko, motibatzeko eta euren konpromisoa lortzeko), merkataritza elektronikoa, enpresaren kudeaketa aurreratuko sistemak, produktuaren bizi zikloaren kudeaketa (CAM CAE, PDM eta DMF motako aplikazioak ezartzea).

2020ko urtarrilaren 1etik hasitako proiektuen laguntza eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak ere onartuko dira, betiere eskaerak aurkeztu badira araudia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu (datorren apirilaren 1ean) eta bi hilabeteko epean.

Proposatutako dirulaguntza %5 gehiago handituko da -betiere laguntzen gehienezko muga gainditu gabe-, baldin eta enpresak baldintza hauek betetzen baditu: Hizkuntzen Kudeaketako Bikain Kalitate Ziurtagiria izatea, Berdintasun plan bat izatea (enpresak 150 langile edo gutxiago baditu, zeren hori baino handiagoak direnak legez behartuta baitaude plan bat edukitzera) edo euskarazko softwarearen erabilera inplementatzen duten proiektuak izatea.