TAO zerbitzua bertan behera geratuko da Bilbon ostiraletik, besterik iragarri arte

TAO zerbitzuko aparkalekuak Bilbon, autorik gabe
EUROPA PRESS
Actualizado: jueves, 26 marzo 2020 17:42

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak eten egingo du TAO zerbitzua ostiraletik, martxoaren 27tik, besterik jakinarazi arte, joan-etorrietan eta aparkalekuetan izandako %85 inguruko jaitsieraren eraginez, hiri barruko mugikortasun eraginkorra bermatuta dagoela egiaztatu ondoren.

Aldi berean, oinarrzko osasun eta hornidura zerbitzuen eta abarren aparkaldia errazteko asmoz, zamalanetarako plazen edukiera eta kopurua handitu da eremu guztietan. Horrelako guneen erreserba berriak ere egin dira eskaria zegoen beste leku batzuetan. Zamalanetarako erreserbatutako eremuetan ez da ordutegi mugarik izango, behar bezala seinaleztatuta eta mugatuta egongo dira eta beharren eta eskaeren arabera handitu ahal izango dira.

TAOko zaintzaileek salatuko dituzte gune horien erabilera egokia kontrolatu eta ezarritako arauak betetzen ez dituzten ibilgailuak, beti ere autobabes neurriak erabilita. Halaber, osasun zentro, ospitale, erakunde eta beharrezkotzat jotzen diren bestelako zentrotatik gertu aparkatzeko eta gidariei informazioa eta aholkularitza emateko lanetan lagunduko dute, eta zamalanak egiteko gertuen dauden tokiak adieraziko dizkiete, oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorriak oztopatu gabe.

Aldi berean, elikagaien eta funtsezko produktuen saltokietako zamalanak erraztu eta hobetzeko, Bilboko Udala baimen bereziak ematen hasi da, ordutegiak eta maiztasuna handituz eta luzera tona gehiagoko ibilgailuen erabilera onartuz.

Egoera berriak dirauen bitartean, TAOren erabiltzaileentzako arreta zerbitzua telefonoz eta modu telematikoan emango da (94 470 10 47 eta aplikazioa).

Bilboko Udalak osasun agintariekin koordinatuta azken astean bideratu dituen neurrien artean, araututako eremu guztietan doan aparkatzeko aukera eman die hirian lan egiten duten osasun profesionalei, matrikulak identifikatzeko prozedura erraz baten bitartez. Azkenik, ibilgailu pribatuaren erabilera arduratsua egitea gomendatu du, hiriko mugikortasuna eta zirkulazioa une oro bermatu ahal izateko, batez ere larrialdietako eta funtsezko zerbitzuentzat.