Actualizado 09/06/2021 16:30 CET

Teknologia berriek ikus-entzunezkoen sektorean duten eragina aztertzeko jardunaldiak Tabakaleran

'2Deo, Zinemaldia & Technology' Jardunaldiak.
DONOSTIA ZINEMALDIA

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

2deok Tabakalerako euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak eta Donostia Zinemaldiak mahai inguru eta hitzaldiz osatutako '2deo, Zinemaldia & Technology' izeneko topaketa antolatuko dute, ekainaren 16an eta 17an. Teknologia berriek zineman duten eraginari buruz gogoeta egitea du xedea, eta ikus-entzunezko sorkuntza, ekoizpen eta erakustaldi prozesuak etengabe berrasmatuz zinemak egoera berriari etekina nola atera dion aztertzea.

Bi egunotan, teknologo, zinemagile eta industria zinematografikoko profesionalei zuzendutako programa hartuko du Donostiako Tabakalerako Z aretoak. Gainera, teknologia sektorean txertatzeko aukera eskaintzen ari diren eragile publiko eta pribatuak ere bilduko dira bertan, antolakuntzako iturriek asteazken honetan jakinarazi dutenez.

'Zinemaldia & Technology' Donostia Zinemaldiaren egitasmoa da, industriako profesionalei zuzendua, eta teknologiaren eta ikus-entzunezkoen sektoreen arteko harremanak estutzea du helburu. Klase magistral bat eta Zinemaldia Startup Challenge enpresa proiektuei zuzendutako lehiaketa barne hartzen ditu.

Laugarren emanaldia Zinemaldiaren 69. edizioaren barruan izango da, baina lehen aldiz, 2021ean ez da irailera mugatuko, eta 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin elkarlanean sustatutako '2deo, Zinemaldia & Technology' jardunaldiak egingo ditu, Zinemaldiak urte osoko jaialdi gisa egituratzeko duen estrategiaren barruan (Z365). 2deo, Tabakalerako euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia da, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan.

Jardunaldietan presentzialki parte hartzeko aukera izango da, Tabakalerako Z aretoan, baina aldez aurretik izena eman beharra dago. Programa osoa 'streaming' bidez ere eskainiko da Tabakaleraren eta Donostia Zinemaldiaren webguneetan.

Contador