TOKIKOM Jardunaldiak egingo dira astelehenean, EiTBko Bilboko egoitzan

EiTBren egoitzan izango da topaketa
Europa Press - Archivo
Actualizado: viernes, 19 octubre 2018 15:40

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

TOKIKOM Jardunaldiak egingo dira EiTBko Bilboko egoitzan datorren astelehenean, urriaren 22an, MoJo edo kazetaritza mugikorra eta publizitatearen alorreko erronka berriak ardatz hartuta. TOKIKOM Toki Komunikabideen Bateraguneak bi urtean behin antolatzen ditu jardunaldiok eta aurten EiTBren laguntza izan du.

Kazetaritzaren alde mugikorra azpimarratu nahi izan du TOKIKOMek jardunaldien aurtengo edizioan. Alde batetik, gailu mugikorrek informazioaren ekoizpen eta kontsumoan eragiten duten aldaketak aztertuko dituzte, eta bestetik, publizitatean sortzen ari diren joera eta marko juridiko berrien erronketara egokitzeko hartu beharreko jarrera dinamikoak azalduko dituzte.

Ildo horretan, dinamikotasunaren harira, hain justu, MoJo edo Mobile Journalism lantegiak eskainiko dituzte, hitzaldietan jasotako ezagutzak sakontzeko aukera emanez.

Antolakuntzatik azaldu dutenez, jakina da sakelako telefonoen erabilerak "goitik behera" eraldatu duela informazioa kontsumitzeko modua. TOKIKOMen kasuan, adibidez, toki komunikabideetako webguneen bisiten %60 baino gehiago gailu mugikorretatik heltzen dira, eta portzentaje hori astiro baina etengabe hazten doa.

Informazioa kontsumitzeko moduaz haratago, informazioa ekoizteko bideak ere aldatu dira gailu mugikorren erabilerarekin. Hori dela eta, TOKIKOMek hainbat aditu gonbidatu ditu mugikorrak kazetaritza lanetarako nola aprobetxatu daitezkeen azaltzeko.

Hala, RTVEko prestakuntza arduradun Santiago Hernandezek mugikorrak kazetarien lan fluxuan txertatzeko hainbat esperientziaren berri emango du. Goiena taldeak ere adibide praktikoekin erakutsiko du nola erabiltzen ari diren gailu mugikorrak eduki multimedia sortzeko, eta kazetaritza mugikorrean aditua den Ana Lopezek Instagram eta sare sozialen erabilera profesionalaz jardungo du.

PUBLIZITATEA

Halaber, kazetaritza bezala, publizitatearen mundua etengabe eta oso azkar aldatzen ari da, eta horri ere heldu nahi diote 2018ko TOKIKOM Jardunaldiek. Mediasal agentziako planifikazio buru Asier Izturietak publizitatearen munduan sortzen ari diren formatu eta euskarri berriez hitz egingo du, adibide praktikoetan oinarrituta.

Bestalde, IAB International Advertising Bureau erakundeko zuzendari juridiko Paula Ortizek hizpide izango ditu Europako GPDR araudi berriak publizitatearen munduan duen eragina eta bizi gareneko eszenatoki digital konplexuak publizitate eta negozio ikuspegitik sortzen dituen egoera berriak.

Goizeko hitzaldi eta txosten aurkezpenen ostean, arratsaldean alderdi praktikoa helduko da. RTVE Institutuko formakuntza buru Santiago Hernandez lantegi teoriko-praktikoa eskainiko du, sakelakoarekin irudiak jaso, editatu eta zabaltzeko software eta hardware tresnen inguruan.

Gainera, goizeko saioan zehar, TOKIKOM Sarien hirugarren edizioko sari banaketa egingo da. Sari horiekin, TOKIKOMek toki komunikabideetako lanik onenak eta euskarazko publizitate kanpainarik onenak saritu eta ezagutarazi nahi ditu.