Tokikom kazetaritza sarietarako lanak aurkezteko epea ireki da

- TOKIKOM
Actualizado: martes, 16 julio 2019 13:42

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak Tokikom sarien laugarren edizioa antolatu du, euskarazko toki komunikabideen lana aldarrikatu eta gizarteratzeko helburuarekin. Lanak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 13ra arte, eta proposamenak edonork egin ditzake, aurkeztutako lanen egilea izan zein ez.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, aurtengo edizioan hiru sari banatuko ditu Tokikomek azken urtean euskarazko tokiko edozein komunikabidetan argitaratutako lanentzat. Sariak, hain zuzen, azalik onenarentzat, edukirik onenarentzat eta ikus-entzunezko onenarentzat izango dira. Azaroan banatuko dira sariak, komunikazio taldea propio prestatzen ari den ekitaldian.

"Toki komunikabideek ekarpen handia egiten diote komunitateari, ikuspuntu informatibotik zein komunitatearen dinamizazioaren ikuspegitik. Hala ere, bigarren mailakotzat jotzen dira sarritan, eta ekoizten duten edukia ez da oso ezaguna beraien eragin esparrutik kanpo", nabarmendu du.

Dinamika hori aldatu eta komunikabide txikion ekarpena azpimarratu eta gizarteratzeko, Toki Komunikabideen Bateraguneak Tokikom Sariak sortu zituen 2016an. Ordutik, urterik urte, sariok argi utzi dute toki komunikabideetan ere punta puntako kazetaritza egiten dela, hala paperean nola sarean zein ikus-entzunezkoetan.