Toti Martinez de Lezea eta Fernando Marias garai digitalean idazleen eta irakurleen arteko harremanaz ariko dira Bilbon

Actualizado 2011/04/08 14:27:38 CET

BILBO, 8 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jende aurreko elkarrizketaren bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzea proposatzen duen "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak, Toti Martinez de Lezea eta Fernando Marias idazleak elkartuko ditu apirilaren 12an, garai digitalean idazleen eta irakurleen artean dauden harremanei buruz hitz egiteko.

Elkarrizketak hilero burutzen dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da, eta oraingo saioan, topaketaren moderatzailea Iñaki Esteban kazetari, idazle eta filosofoa izango da, antolakuntzak jakinarazi duenez.

"Eztabaidak literaturarekin" ekimenaren urteko laugarren hitzorduan, idazle parte-hartzaileak egileen eta irakurleen arteko erlazioari buruz ariko dira, beti ere iraultza digitala kontuan izanda. Horrela, Mariasek eta Martinez de Lezeak hainbat gairi buruz hitz egingo dute eta, besteak beste, sare sozialek eta posta elektronikoak eskaintzen duten hurbiltasunaren alderdi positiboak eta negatiboak baloratuko dituzte, garai digitalak euren idazteko moduan eraginik duen edo izango duen, edo teknologiak eta informaziorako eta aisiarako baliabideak gero eta gehiago erabiltzen dituen irakurleari zuzendutako idazkera multimedia sortuko den ala ez.

Solasaldian arituko diren ia bi orduetan, idazkera multimediak egiletza kontzeptua aldatzen duen ala ez aztertzen ahaleginduko dira bi idazleak, eta baita zein eragin izan dezakeen e-book, iPad eta antzekoen garapenak.

Toti Martinez de Lezea (Gasteiz, 1949), idazle izateaz gain, ingeleseko eta frantseseko itzultzaile titulatua ere bada, eta lan horretan dihardu. Kukubiltxo antzerki taldea sortu zuen, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat eta EiTB-rentzat lan egin du, umeei eta gazteei zuzendutako saioetan. Horrez gain, sarritan aritzen da prentsa idatzian eta irratian.

Ibilbide luzea du eleberri historikoen idazle gisa, eta genero horretako idazle ezagunenetakoa eta irakurrienetakoa da. Erdi Aroan girotutako zenbait eleberri idatzi ondoren, egileak XX. mendearen hasierako urte gatazkatsu eta korapilatsuak aukeratu ditu, 2010ean argitaratutako "La Universal" bere azken eleberria girotzeko.

FERNANDO MARIAS

Fernando Marias eleberrigile, noizean behin zine gidoilari eta editorea Bilbon jaio zen 1958an, baina Madrilen bizi da 1975etik. Bere lehen eleberria, "La luz prodigiosa", 1990ean argitaratu zen. Hurrengo urtean Ciudad de Barbastro Saria irabazi zuen, eta horrek idazten jarraitzera animatu zuen.

Espainiako literatura-sari garrantzitsuenetako batzuk irabazi ditu, eta horien guztien artean nabarmentzekoak dira 2001eko Nadal Saria, 2005eko Ateneo de Sevilla, 2005eko Narratibako Dulce Chacón Saria eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2006an. 2010ean Primavera Saria irabazi zuen "Todo el amor y casi toda la muerte" lanarekin. Horrez gain, 2010ean argitaratu zen "El silencio se mueve" gazteentzako eleberri multimediaren egilea ere bada.

Saioko moderatzaile lanetan ariko den Iñaki Esteban kazetari, idazle eta filosofoak sarritan idazten du 'El Correo' egunkarian, eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ematen duen Kazetaritza Masterreko irakasleetako bat da.

Zenbait saiakera lan argitaratu ditu, eta horien artean azpimarratzekoa da 2003an Miguel de Unamuno Saiakera Saria irabazi zuen "Libertad y sentido en las sociedades democráticas". Horrez gain, izen handiko talde lan askotan hartu du parte. 2002an, Kataluniako Editoreen Gremioak urteko artikulugilerik hoberenari ematen dion Atlántida Saria irabazi zuen.