Txagorritxuko ospitaleak azken belaunaldiko erradioterapia ekipo berria izango du 2019ko erdialdetik aurrera

Gurutzetan jarri zuten ekipoaren inaugurazioa
IREKIA
Actualizado: lunes, 19 noviembre 2018 15:06

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

Araba ESIk azken belaunaldiko erradioterapia ekipo berria izango du Txagorritxuko ospitalean, Donostia eta Gurutzetako unibertsitate ospitaletan daudenak bezalakoa, datorren urteko erdialdetik aurrera. 2.800.000 euroko inbertsioa aurreikusi duen Osakidetzaren eta Amancio Ortega Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmenari esker izango da posible.

Gaur egun, Txagorritxuko Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuak erradioterapia tratamenduak egiteko bi ekipo ditu, eta horietako bat, zaharrena, abenduan kenduko dute. Horren ordez, bada, azken belaunaldiko ekipo moderno berria izango du Araba ESIk, teknologiarik aurreratuena eta arretarik onena eskaini ahal izateko lurraldeko paziente onkologikoei.

Osakidetzako iturriek jakinarazi dutenez, azeleragailu lineala hobekuntza garrantzitsua izango da Arabako pazienteentzat: zehaztapen handiarekin tratatu ahal izango dizkiete tumoreak eta mugitzen diren ehunak, eta alboko ondorioak murriztuko dira. Osakidetzako profesionalentzat ere hobekuntza garrantzitsua izango da, puntako teknologia izango dutelako beren lana egiteko.

Aurrerapen teknologikoak aukera terapeutiko ugari irekiko ditu gaixotasun lokalizatua edota oligometastasikoa duten paziente onkologikoentzat, tokiko kontrolaren maila altuak lortuz morbilitate oso txikiarekin. Erosketa Osakidetzako ekipamenduak etengabe berritu eta eguneratzeko prozesu baten barruan egin da, paziente onkologikoen biziraupena eta bizi kalitatea hobetzeko asmoz.

HIRUGARREN TXANDA

Ekipamendu berria instalatzeko prozesuan zehar, astelehen honetatik 2019ko uztailera arte, hirugarren txanda bat gaitu da Txagorritxuko beste azeleragailu batean. Era horretan, ekipo berria instalatzen duten bitartean, kalitate handieneko arreta bermatzen jarraituko da, eta beste zentro batzuetara eraman behar diren paziente kopurua ahalik eta txikiena izango da.

Gainera, aldi horretan, Arabako Unibertsitate Ospitaleko hiru txandetan artatu ezin diren paziente egonkorrak Donostiako Onkologikora desbideratzeko protokoloa ezarri da. Horretarako eratutako lantalde bat desbideratze zirkuituaren jarraipena egiteaz arduratuko da, asistentziaren zein garraio kolektiboko anbulantzietan egingo diren Onkologikorako lekualdaketen kalitatea bermatzeko. Halaber, Espainiako Minbiziaren aurkako Arabako Elkartearekin batera, lankidetza protokolo bat ezarri da, onkologiako pazienteak errazago lagundu ahal izateko.

Behin ekipamendu berria instalatzeko obrak amaituta, Euskadiko Onkologia Plan Integralari jarraituz, prozesu onkologikoko pazienteen arretarako puntako erradioterapia teknologia izango da Araban.