Actualizado 14/01/2022 11:06 CET

Txagorritxuko ospitaleko ZIU zerbitzu orokorren eraikinean egongo da datorren astelehenetik

ZIUko ohe bat Txagorritxun
OSAKIDETZA

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

Arabako Unibertsitate Ospitaleko-Txagorritxuko zerbitzu orokorren eraikinean egongo da zainketa intentsiboen unitatea (ZIU) datorren astelehenetik, urtarrilaren 17tik. 2.000 paziente inguru igaroko dira urtean zehar ZIU horretatik.

Aldaketa horrekin jarraitzen da eraikin moderno, zabal eta erabilera anitzekoak izango dituen zerbitzuen lekualdaketekin. Osakidetzak 104 milioi euro inbertitu ditu eraikin horretan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eraikineko instalazioetara oraintsu egindako bisitan esan zuenez, eraikinak hobekuntza ekarriko du, bai pazienteentzat eta senideentzat, bai Osakidetzako profesionalentzat.

ZIU Osakidetzako Unibertsitate Ospitaleko zerbitzu orokorren eraikin berriaren 0 solairuan dago; hura pasa den abenduaren 22an inauguratu zen. Unitate horrek 31 banakako box ditu, haietako sei isolamendukoak, hiru arlo sektorizatutan banatuta.

Txagorritxuko ZIU astelehenean erta asteartean lekualdatuko da toki berrira, urtarrilaren 17an eta 18an, eta arretak ez du eraginik jasango. Pandemiak eragindako egungo egoerari hobeto erantzuteko, aldi berean zerbitzu orokorren eraikineko ZIUren unitate berria eta gaur egun dagoena mantenduko dira. Asistentzia bilakaera eta presioa hobetu ahala, lehengo ZIUko oheak ixten joango dira.

Pazienteen senideak Txagorritxuko ate nagusitik sartuko dira espazio berri horretara, orain arte bezala. Unitate berrirako sarrera solairu horretan bertan dago, igogailuen atzean, eta dagozkion seinaleak izango ditu.

Arabako ESIaren ZIU berriak hobekuntza handia ekarriko du lehengo kokapenaren aldean, ekipamendu modernoa eta aurreratua baitu. Gainera, ingurune atseginagoa eta seguruagoa eskainiko dute, bai paziente eta familiartekoentzat, bai profesionalentzat.

Txagorritxuko zerbitzu orokorren eraikin berriak 30.000 metro koadro inguru ditu osasun arretarako, sei solairutan banatuta. Horren bidez, Arabako 200.000 pertsona baino gehiagorentzako osasun arreta hobetuko da. Instalazioek azken belaunaldiko gailuak dituzte, larrialdietako zerbitzuekin (baita pediatrikoak ere), ZIUekin, obstetrizia eta neonatologiako zerbitzuekin, kirofanoen eremuarekin, lentzeria zerbitzuarekin, informatika eta ospitale osoko instalazioen zerbitzuekin.

Contador