Txani Rodriguez, Javier de Isusi, Alex Gurrutxaga eta Mikel Reparaz, Euskadi Literatura Saridun

Euskadi Literatura Sarien beste lau irabazleak, Jaurlaritzako ordezkariekin.
IREKIA
Actualizado: miércoles, 20 octubre 2021 14:30

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Txani Rodriguez, Javier de Isusi, Alex Gurrutxaga eta Mikel Reparaz dira Euskadi Literatura Sarietako Literatura Gaztelaniaz, Lan Literarioen Ilustrazioa, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz kategorietako irabazleak, hurrenez hurren.

Hala jakinarazi du asteazken honetan Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bilboko Azkuna Zentroan egindako agerraldian. Joan den astean Euskadi Literatura Sarien beste irabazleak iragarri zituzten: Pello Lizarralde (Euskarazko Literatura), Anjel Lertxundi (Euskarazko Haur eta Gazte Literatura) eta Joxan Elosegi (Euskarazko Literatura Itzulpena).

Horrela, Literatura Gaztelaniaz saria Txani Rodriguezek eskuratu du, 'Los últimos románticos' lanari esker. Epaimahaiaren iritziz, bere idazkera "zorrotza da, xehetasunari adi dago eta erritmo narratibo bikaina du". "Ahots freskoa du, originala eta berezkoa, eta horixe da epaimahaiaren arreta gehien erakarri duen ezaugarria", adierazi du.

Bestalde, Lan Literarioen Ilustrazioa kategoriako Euskadi Literatura Saria Javier de Isusirentzat izan da, 'Transparentes. Historias del Exilio colombiano' obrarekin. Epaimahaiarentzat, lana "pisu emozionaleko komikia da, baina, aldi berean, liburu arin eta biribila egituran, oso teknika narratibo eta grafiko onarekin, eta istorioa modu bikainean ixtea lortzen du".

Halaber, Saiakera Euskaraz saria Alex Gurrutxagak eskuratu du, 'Xabier Lete Aberriaren poeta kantaria' lanari esker. Epaimahaiaren iritziz, "ekarpen handia egiten du Xabier Leteren eta bere obraren inguruan". "Gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du, bere ideiak publiko egiten ditu, eta gainera bere kantagintza eta kontzertuak lotzen ditu garai horretako giroa eta pentsamenduarekin", azaldu du.

Bukatzeko, Gaztelaniazko Saiakera kategoriako epaimahaiak Mikel Reparazi eman dio saria, 'Las grietas de América' lanagatik. Egileak AEBetatik proposatzen duen bidaia "bikain idatzita" dagoela iritzi dio, eta "gaiaren interesa eta gaurkotasuna eta tratamenduaren koherentzia" nabarmentzen direla.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu. Azaroaren 18an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Gasteizko Artium mseoan egingo den ekitaldian.